Gurutzearen atzetik joan dira zenbait kristau, Portaloitik Santa Barbararaino

Eneko Azurmendi 2017ko api. 14a, 09:45

Gaur, egubakoitza, ohiturari jarraituz, Gurutz Bidea egin dute Arrasateko zenbait kristauk, Portaloitik Santa Barbara parkera. "14 egonaldiak eginez, gogoratzen dira ebanjelio pasartetan Jesusen nekaldiaren momentuak eta momentu bakoitzari gogoeta bat dagokio", azaldu du Horazio Argaratek, Arrasateko parrokoak.

Gurutz Bidea 8:00etan abiatu da Arrasateko Portaloitik eta 14 egonaldi eginez, Santa Barbara parkeraino iritsi dira prozesioan joan diren hainbat kristau. Gaur egun garrantzitsua da kristauentzat, parrokoaren esanetan: "Egubakoitz Santu honetan beti gogoratzen dugu Jesusen heriotza, haren nekaldia, eta gure sinesmenaren arabera, heriotza horrek ekarri du munduaren salbazioa. Munduan dauden baztertu guztiek horretan eduki dezakete itxaropena", azaldu du Argaratek.

"Aspaldi" sortu zen Gurutz Bidea, Erdi Aroan franziskotarrek Europan zabaldu zutena. Otoitz ariketa bat da. "14 egonaldiak eginez, gogoratzen dira ebanjelio pasartetan Jesusen nekaldiaren momentuak eta momentu bakoitzari gogoeta bat dagokio. Hala, kantuekin eta otoitz eginez eta gogoeta eginez, isiltasunean, sartzen gara egun honetan ospatzen dugun harian", dio parrokoak.

14 egonaldi horietan esan beharrekoa, mendeetan gauza bera izan da, Argarateren arabera. "Hala ere, duela 30 urte inguru, Juan Pablo II aita santuak ausardia eduki zuen aldatzeko. Guztiak dira Jesusen nekaldikoak, baina batzuetan batzuk aipatzen dira eta beste batzuetan beste batzuk".

Gurutz Bidean parte hartzen duen jende kopurua "jaisten" doa, urtetik urtera. "Adineko jendea bakarrik biltzen dugu guk, baina usadioa bihurtu da dagoeneko, eta oraingoz, irauteko ekintza izango da, urte batzuetarako, behintzat", adierazi du Argaratek.

Erlazionatuak

Gurutz Bidea, argazkitan

Eneko Azurmendi 2017 api 14 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak