Mugikortasun plana forma hartzen

Xabi Gorostidi 2017ko api. 7a, 14:43

Irudia: Intra

Udalak Bartzelonako Intra enpresari eman zion datozen 10 urteetarako plana diseinatzeko ardura. Herriko funtzionamendua lau hilabetez behatu ondoren txostena gertu dago, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ditzakete apirilaren 16ra arte

2016ko urrian egin zuen Arrasateko Udalak datorren hamarkadarako mugikortasuna definitzeko prozesuaren aurkezpena, herritarrek goraino bete zuten  Kulturateko areto nagusian.
Egun indarrean dagoen plana 2005 urtekoa da, eta orduan plana egin zuen Bartzelonako Intra enpresako kide bat bertan izan zen, plan berriaren diseinu teknikoa eurek egin dutelako  oraingo honetan ere. Mugikortasun alorrean esperientzia zabala duen enpresa da, Katalunian batez ere, baina euren planteamenduak Europako hamabi herrialdetara ere heldu dira, eta baita Hego Afrikara ere.  

Txostena amaituta

Lau hilabetez Arrasateko mugikortasuna aztertu eta neurtu ondoren, Intraren proposamena udal webgunean ikusgai jarri zuen Udalak, eta herritarrek alegazioak egiteko epea zabaldu zen apirilaren 16ra arte. Orain ikusgai dagoen ikerketa, ez da definitiboa, eta zabalik dago herritarren zein herriko elkarteen ekarpenak jasotzeko. Adituen gomendioekin egindako gida bat izango da, hurrengo hamarkadan egin beharreko lanak zeintzuk izan daitezkeen ikusteko.

Hiru lan ildo garbi

Txostenaren egileek 59 ekintza proposatzen dituzte helburu hauek lortze aldera; motordun ibilgailuen erabilera gutxitzea ibilbide laburretarako, oinezkoentzako eta bizikletentzako lurzorua handitzea eta honen kalitatea hobetzea.

Guzti hori zertarako? Arrasateko bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko. Horretarako planteatzen diren  ekintzak hiru multzo nagusitan banatu daitezke; oinezkoak, bizikletak eta motordun ibilgailuak.
Txostenean jasotzen denez, gaur egun arrasatearren desplazamenduen %53,9a motordun ibilgailuekin egiten dira, %5,9a  garraio publikoan eta %40,2a oinez edo bizikletaz. Bertan jasotzen diren ekintzaz gauzatuz gero, hamar urte barruko eszenario hipotetikoan, hauek lirateke portzentajeak: %30,3a motordun ibilgailuetan, %10a garraio publikoan eta %58,7a oinez edo bizikletaz.

"Ohitura aldaketek ekar ditzaketen hobekuntzez jabetu behar dute herritarrek. Hori irudikatzea eta garbi edukitzea da lortu behar dena" azaldu du Joan Estevaordalek. Horren harira planteatzen diren ekimenetako asko ohiturak aldatzeko kontzientziazio kanpainak dira. Seinaletika arloan ere badaude neurriak, garraio publikoei eta aparkalekuei buruzko informazio eguneratuak emateko.

Ekimen garrantzitsuenak

Ekintza sorta oparoa proposatzen da txostenean, baina Intra enpresako koordinatzailearen ustez badaude lehentasun maila handiagoa dituzten hiru nagusi.

Garibai hiribidearen itxuraldatzean eta ardatz intermodal bihurtzean jartzen du fokua  Estevadeordalek. "Bertan egin nahi duguna eredu izan daiteke herriko beste toki batzuentzat. Oinezkoentzako lekua irabazten da, trafikoa murrizten da, bidegorria sartzen da errepidearen maila berean, eta bide batez, segurtasun handituko da".

Bizikletaren arloa aipatzen du segidan. "Aurrera pauso handiak eman daitezke bidegorriaren sarean. Eskoriatza, Arrasate eta Oñati lotuko dituen sarea gauzatzea lortu behar da, betiere, oinezkoei lekua ez kentzeko bidegorriak galtzadan eginez".

Azkenik aparkalekuen kudeaketa aipatzen du. Plaza berriak sortu gabe, denbora mugatuz eta txandakatze sistema batekin, aparkatzeko aukerak handitzean ikusten du konponbidea.

Mugikortasun Mahaiaren txanda laster

Intrak egindako txostena eta herritarrek zein elkarteek aurkezten dituzten alegazioak aztertzeko, Mugikortasun Mahaia deituriko organo kontsultiboa deituko du Arrasateko Udalak. Honako eragile eta taldeek osatzen dute, baina interesa duten herritarrek ere bertan parte har dezakete:
• Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politikoak.
• Gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko interesak ordezkatzen dituzten 16 elkarte.
• Herri eta baserri auzoetako alkateak.

Data zehaztu gabe

Apirilaren 16an agortuko da alegazioak aurkezteko epea. Behin fase hori bukatuta, helduko da Mugikortasun Mahaia konbokatzeko ordua.

Bertan adostutakoekin erabakita geratuko da datozen hamar urteetan Arrasateren mugikortasuna hobetzeko Mugikortasun Plana zein izango den.

Aurrerantzean, Udal Gobernuek, momentuan momentuko baliabide ekonomikoen arabera eta ezartzen dituen lehentasunen baitan joango dira planean jasotzen diren ekintza ezberdinak gauzatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak