Udaberriarekin, badator klasikoaren Musikaldia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko api. 26a, 14:06
Goikobalu abesbatza, Arrasate Musikaleko Orkestrarekin, 2015eko Musikaldian.

Abesbatzen emanaldiak, kontzertu instrumentalak eta bestelako egitasmoak batzen dituen musika zikloa antolatu du Arrasateko Udalak; datorren asteburuan eta hurrengoan egingo dute, parrokian, Amaia antzokian eta Kulturaten.

Musika klasikoari eta horren inguruan kokatzen diren egitasmoei leku berezia egiteko helburuarekin sortu zuen orain dela hamahiru urte Arrasateko Udalak Udaberriko Musikaldia. "Urtean zehar antolatzen ditugun ekitaldi puntualez gainera, beharrezkoa ikusten dugu estilo horrek toki berezia izatea gure eskaintzan. Azken urteetan, bereziki, gorakada nabarmendu dugu publikoari dagokionez", azaldu du Karmelo Alberdik, Kultura Saileko teknikariak.  

Aurtengoa aurreko urteetako bideari eutsiz osatu dutela gaineratu du Alberdik: "Ez dugu estilo edo garai zehatz batera mugatu: abesbatzak daude, gitarra eta saxofoi laukoteak eta bestelako ikuskizun berritzaileagoak ere bai".

Etxekoendako tokia gordeta

Herriko musikarien plaza izatea ere badu helburu Udaberriko Musikaldiak; hala, bada, dagoeneko klasiko bihurtu den Goikobalu Abesbatzaren eta Arrasate Musikaleko Orkestra Sinfonikoaren  kontzertua izango da oraingoan ere. "Asmoa ez da programazio osoa etxekoekin osatzea, baina bai aukera bat ematea. Arrasate Musikalentzako, esaterako, mesedegarri dira horrelako ekitaldiak, eskolan ikasitakoa herritarren aurrean erakusteko", dio Alberdik. Edorta Aiastui Arrasate Musikaleko Komunikazio arduradunak gaineratu du errepertorioak bi zati izango dituela: "Hasteko, Orkestrak garai bateko Itoiz taldearen kantu ezagunen zatiekin osatutako bilduma joko du; eta bigarren zatian, berriz, Goikobalukoekin batera, Juan Arzamendiren Oihuska eta Jesus Guridiren Eusko irudiak eskainiko ditugu".

Arrasateko ordezkaritza, baina, harago joango da; izan ere, Alberto Urretxo eskarmentu handiko tronboi-jolea ere gonbidatu dutela gaineratu du Alberdik: "Soinu magikoak izeneko ikuskizuna egingo du Toti Martinez de Lezea idazlearekin batera. Proiektu berezia eta aproposa iruditu zitzaigun ekitaldi solte moduan programatu beharrean ziklo honetan sartzeko. Musikaren eta kondaira mitologikoen arteko nahasketa bitxia da ekarriko dutena; bien artean egindako egitasmoa da".

Laukoteak ere bai

Musika instrumentalaz gozatzeko hainbat aukera ere izango dira: "Alos Quartetek, Oreka TX taldea lagun duela, Garden diskoa aurkeztuko du; Anido, berriz, gitarra laukotea da, eta Iberian Quartet lau saxofoi-jolek osatzen dute. Eta zikloa borobiltzeko, Musica Boscareccia abesbatzaren errepertorio sakroa".  

Amaia antzokikoak ordainduta

Edukiera zaintzeko asmoarekin, Amaia antzokiko ekitaldiek ordaindutako sarrera izango dute.  Bost eurotan eskura daitezke Arrasate.eus atarian eta antzokiko leihatilan.

Egitaraua

Anido gitarra laukotea Apirilaren 28an, 20:00etan, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
Alberto Urretxo eta Toti Martinez de Lezea Soinu magikoak izeneko ikuskizuna. Apirilaren 29an, 20:00etan, Amaia Udal Antzokian.
Alos Quartet (Oreka TX taldearen laguntzarekin) Apirilaren 30ean, 20:00etan, Kulturateko areto nagusian.
Iberian Quartet Maiatzaren 5ean, 20:00etan, Kulturateko areto nagusian.
Arrasate Musikaleko Orkestra eta Goikobalu Abesbatza Maiatzaren 6an, 20:00etan, Amaia Udal Antzokian.
Musica Boscareccia Maiatzaren 7an, 20:00etan, San Juan Bataiatzailearen parrokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak