Martxoaren 14an eman zuen Arrasateko Udalak Aprendizen Eskola Zaharrari izena topatzeko parte hartze prozesuaren berri, etorkizunean erabiltzaile izango diren ordezkarien babesarekin. Hala, Arrasate Musikal, Goikobalu Abesbatza eta Ballet Taldearen egoitza berriaren izena proposatzeko aukera ematen zieten herritarrei; udal webgunearen bitartez eta BAZen jarritako esku orriak betez.
Hala ere, Udal Gobernutik komenigarritzat jo zuten proposatzen ziren izenek hainbat irizpide betetzea. Hala, Aprendiz erroa errespetatzeaz gain, euskal ahoskerara ondo moldatzea, erraz deklinatzea, bertako leku izenekin lotura egitea, hitz bakarrean asko esatea eta beste hitz batzuekin lotzeko erraza izatea jarri zituzten bete beharreko baldintza moduan. Horrez gain, bi proposamen jarri zituzten adibide gisa; Aprendizbarri eta Aprendizola.
Nahasmena esku orrian
Martxoaren 25ean amaitu zen izenak proposatzeko epea eta guztira 46 herritar edo talderen ekarpenak jaso ziren. Izen asko errepikatu egin ziren, eta beste askok, aldiz, ez zituzten bete beharreko baldintzak errespetatu. Horien artean zegoen, adibidez, Juanito Arzamendi Musika Eskola proposamena, Arrasateko Musika Eskolaren bultzatzailea eta urte luzez herriko musika bandako zuzendari izandakoa omentzeko asmoa zuena.
Proposamenak aztertzerakoan udal ordezkariei "deigarria" egin zitzaien baldintzak kontuan izan gabe hamabi proposamen jaso izana. "Kopuru handia iruditu zitzaigun, eta ostean konturatu ginen BAZeko esku orrietan sei baldintzak horiek gomendagarri bezala agertzen zirela, eta ez beharrezko bezala. Hori dela eta, erabaki dugu baldintzak bete ez dituzten proposamenei ere aukera ematea eta hautagaien barruan sartzea" azaldu dute Udal Gobernutik.
27 izen hauen artean aukeratu beharko da
AZEren erreakzioa
Aprendizen Eraikinari izen ofiziala bilatzeko egitasmoa azaldu eta gutxira, Arrasate Zientzia Elkartekoek prentsaurrekoa egin zuten, euren iritzia helarazteko. "Izenak gure memoriaren parte dira, eta neologismoen bitartez hori galtzeko arriskua dago. Kulturolarekin eta Kulturaterekin bezala, jatorrizko izena galdu egiten da" azaldu zuen Xabier Bengoak Arrasate Zientzia Elkarteko kideak.
Baina Udalak mahai gainean jarritako baldintzak kritikatzeaz gain, eurentzako egokiak ziren bi izen proposatu zituzten; Aprendizes Eskola eta Aprendizak Musika Etxea.
'Aprendizena'ren aldekoak
Zientzia Elkarteko kideez gain, beste hainbat herritarrek ere plazaratu dute euren iritzia. Ana Ugalde eta Jon Azkoaga arrasatearrek ere eskutitza helarazi zuten. Euren ustez, Aprendizen Eskola izen aproposa litzateke, baina kontuan izanda berba bakarra erabili beharra zegoela, Aprendizena aukeraren egokitasuna defendatu dute. Euskaldunok eraikinei izena jartzeko orduan tradizio luzea dugula azaldu ostean, baserriei izena jartzeko erabilitako irizpidea jarri zuten adibide gisa: Arruena, Makatzena, Arretxena, Baxabena, edo Boleroena izan ziren erabilitako batzuk.
Beste bide batetik, Estepan Plazaola Bergarako Udaleko euskara teknikariak, eskutitza bidali zuen aukera berdinaren alde egiteko, eta erabilitako adibideen artean Zigorrolako Maxuena baserriaren adibidea aipatu zuen, aprendiz eta maisu hitzen arteko jokoa eginez.
Bozketa apilaren 1etik 8ra
Ondoko taulan ageri diren 27 izenek osatzen dute aukeragai daudenen zerrenda. Udal webgunean zein BAZen boto gehien jasotzen dituena izango da eraikin berriari izena emango diona.