Arrasateko industrializazioaren hastapenak ezagutzeko bisita gidatua

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mar. 26a, 18:05

Hogei lagun batu dira gaur goizean Iraganeko Oinatzak elkarteko Arantza Otadui historialarekin Arrasateko industrial ondarea ezagutzeko. Harresi aretoan elkartu dira eta handik abiatuta bi ordutako ibilbidea egin dute; besteak beste, Iturriotz kalean, Seber Altube plazan eta Biteri plazan egin dituzte geldialdiak eta Etxe Txikietan amaitu dute bisita gidatua.

Harresi aretoan dagoen Dinbi, Danba, Mailukaren hotsa. Bixente Barandiaran, Arrasateko azken errementaria erakusketako arduradunek antolatutako bisita gidatua da gaur euskaraz, eta datorren domekan, apirilaren 2an, gazteleraz egingo dutena. "Hainbat bisita gidatu egin ditugu dagoeneko, eta gaurkoa landu dugun hirugarren zikloa edo gaia da. Egitarau berezi horrekin, erakusketatik kanpora aterako gara, herriko hainbat tokitan ibilita gure historian sakontzeko, eta bidez batez gero, erakusketara erakartzeko jendea", azaldu du Helena Azkarragaurizar, Harresi aretoko erakusketako dinamizatzaileak. 

Industrializazioaren hastapenen inguruan, gaur

Gaurkoan, Arrasateko industrializazioaren hastapenetan sakondu gura izan dute. "Herrian altzairugintzak izan duen garrantziaz jardun du Arantza Ozaetak, baina bereziki, gaurko saioan hezkuntzan zentratu da. Hori horrela, Biteri Eskolak ekarri zituen aldaketak azaldu ditu: ordura arte ez moduan, herriko mutiko guztiek zutela ikasteko aukera, musika eta bestelako diziplinak ere erakusten zituztela... Geroago, langileendako egin zituzten etxebizitzei buruz ere eman ditu azalpenak, eta ibilbidea, bada, Etxe Txikietan bukatu dugu. Langileendako egindako lehenengo etxeak izan ziren horiek", gaineratu du Azkarragaurizarrek.

Datorren domekan gazteleraz egingo dute ibilbide hori. Parte hartu gura dutenek, aurrez izena eman behar dute BAZ-en, Harresi aretoan edo Arrasate.eus atarian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak