Errehabilitazio proiektu berritzailea Aita Mennin

Ane Vitoria 2017ko mar. 22a, 09:17

Baratzezaintza terapeutikoa eta okupazionala sustatzen duen osasun mentaleko errehabilitazio proiektua hasi zen martxan atzo Aita Menni Ospitalean.  

Proiektuaren izena Ereiaro da eta baratzezaintza ekologikoko tailer terapeutikoa eta okupazionala da hau. Honen helburu nagusia pazienteek terapeutikoki aurrera egin dezaten eta, era berean, trebetasun sozial eta profesionalak garatzea da. Horregatik, pazienteek ekoizpen prozesu guztian parte hartuko dute, hazia landatzetik produktua salgai jarri arte. 

Tailerra atzo arratsaldean inauguratu zuten Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako sailburu Beatriz Artolozabalek; Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako diputatu Maite Peñak, eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak. Horiez gain, Aita Menni Ospitaleko Zuzendaritza, zentroko langileak, eta pazienteak ere izan ziren. 

Ekoudalatxen parte-hartzea

Ekoudalatxek mintegi ekologikoa, biltegia eta intsektuen hotela jarri du (Diputazioak lehenengo sektorean dituen laguntzaz). Ekoudalatxen gune berrian  mintegi ekologikoa, biltegia, ofizina eta intsektuen hotela daude. Aita Mennik lurra utzi dio aholku, formakuntza eta landarearen truke. Pazienteak mintegira joango dira noizean behin lan ezberdinak egitera, baina, euren esperimentatzeko gunea Ereiaron dago. Ekoudalatxek Ereiarori landareak, aholkua eta laguntza emango dio.

Ekoudalatxek ortuko landare, landare usaintsu, sukaldaritzako landare, lore eta fruitu txikiko landare ekologikoak ekoizten ditu. Bi urteetan Uberan kokaturik izan da, baina aurten Arrasateko Gesalibar auzora joan dira. Ereiaro proiektua (Ekoudalatx eta Aita Menni) baratzean, landare usaintsuekin eta lorategian ekoizten dutena salduko dute.

Ereiaro guneak ditu lorategi terapeutikoa: landare aromatikoak eta loreak; negutegia (tunel bat) eta ortua (ekologikoan ekoiztuko dute) eta konpostatzeko gunea. Pazienteek ekoizpenean parte hartuko dute, produktua salgai jarriaz eta inguruko azoketan ere, euren ahalmenen arabera.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak