goiena.eus

Urteko lehen proban iazko sentsazio onei jarraipena eman die Xabi Fernandezek

  Kirola  Arrasate

Asteburu honetan egin du debuta aurtengo RACE Turismos txapelketan, eta emaitza politak pilatu ditu Puritok. Hasteko, polea lortu du entrenamenduetako denbora onenari esker, eta ondorengo bi lasterketatan garaipena eta hirugarren postua poltsikoratu ditu. Hori gutxi ez, eta sailkapeneko lehen postuan itzuli da Jaramako zikuitutik.

Urteko lehen proban iazko sentsazio onei jarraipena eman die Xabi Fernandezek
Irudia: Xabi Fernandez | Ikusi handiago | Argazki originala

Iazko azken probak zapore txara utzi bazion ere, horiek alde batera utzi, eta modu ezin hobean ekin dio  RACE Turismoseko denboraldiari berriari Xabi Fernandezek.

Atzo jokatu zen urteko lehen proba; entrenamendu saioa, eta ondoren bi lasterketa. Entrenamenduetan denborarik azkarrena lortu zuen Puritok 1'46"8 markarekin (nahiz eta bere telemetriak 1'46"4 markatzen zion). "Iazko denbora segundo batean hobetzea lortu dugu, eta hori oso emaitza ona da".

Jarraian, lehen lasterketaren txanda heldu zen eta bertan garaile izan zen Purito, Alfonso Sangradorren aurretik. "Polean atera nintzen eta lehen postuan mantendu nintzen lasterketa osoan zehar. Erritmoa jartzen hasi nintzen, atzetik zetozen biak euren arteko borrokan aritu ziren, eta amaieran 20 segundotik gorako aldearekin helmugaratu nintzen".

Bigarren lasterketa zertxobait eroagoa izan zen. Aurreraketa askoko lehia izan zen, eta horrelakoetan gehiago arriskatu beharra izaten da emaitza on bat lortzeko. Bukaeran hirugarren postua lortu zuen, eta horri polea eta lehen postua gehituta, sailkapenean lider jartzea lortu du Fernandezek. "Bigarren lasterketa irteera kaxkarra egin nuen, eta hirugarren posturako borrokan aritu nintzen beste hiru piloturekin batera".

Balaztei dagokionez arazoak izan ditu asteburu osoan, baina arazoak arazo, itxaropentsu dago Purito denboraldiak eman dezakeenarekin.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa