Azken urteetan egin duen bezala, Arrasateko Udaleko prebentzio zerbitzuak gurasoei zuzendutako lau tailer desberdin antolatu ditu. Tailer bakoitzak 6 saio izango ditu martxoa eta maiatza bitartean eta saio guztiak Kulturateko Loramendi aretoan izango dira. ElkarHezitzen elkarteko, Erain elkarteko, Hezibide elkarteko eta Ardatz formazio eta ikasketa zentroko partaideek dinamizatuko dituzte tailer desberdinak:
-
Aniztasunean heziz tailerra: 0-18 urte bitarteko seme-alaben gurasoei zuzenduta; aurreiritziak, sexismoa, erlijioak, arrazismoa, aniztasuna eta elkartasuna bezalako gaien inguruan hausnartzeko aukera. Martxoaren 13tik maiatzaren 8ra bitartean.
-
Elikatze kontzientea eta janariarekin lotutako nahasmenduen prebentzioa: 6-12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendua. Bi ataletan banatuko da tailerra: janariaren rola eta garrantzia bizitzan eta janariarekin lotutako gaixotasunen prebentzioa. Martxoaren 21etik maiatzaren 9ra bitartean.
-
Hazkuntza osasuntsu baterako tailerra: haurraren loa, gainbabesa, eskola egokitzapena, heriotzari buruz hitz egin eta zer egin guraso bezala amorruarekin bezalako gaiak landuko dira 0-5 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako tailer honetan. Martxoaren 23tik maiatzaren 11ra bitartean.
-
Zer egingo dut nik orain? tailerra: komunikazioaren arlo desberdinak landuko dira 13-19 urte bitarteko nerabeen gurasoei zuzentzen den tailer honetan. Zehazki, entzute-aktiboa, asertibitatea, helburuen formulazioa, komunikazio ez-berbala, emozioak eta gatazkak bezalako gaiak landuko dituzte. Martxoaren 22tik maiatzaren 10era bitartean.
Izen ematea martxoaren 10a arte egin daiteke Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ), Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eta Udaleko webgunean. Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen tailerretako eskuorria jaitsi daiteke.