Emakume artisten sareak sortutako bilduma berria

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko ots. 24a, 08:00
Astean, Kulturateko klaustroan 'ARTEAN, hamaika emakume artista 2' erakusketa muntatzen.

Herriko hamaika sortzaile gaztek egindako artelanak erakutsiko dituzte martxoaren 3tik 31ra bitartean Kulturateko klaustroan. Askotariko estilo eta gaietako lanak batu dituzte: pintura, grabatua, marrazkia, argazkia, muntaia, grafitia, grafika eta instalazioa. Martxoaren 3an, egubakoitza, 19:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldia.

Orain dela bi urte, Ekin Emakumeak Elkarteak herriko hainbat emakume sortzaile bildu eta ARTEAN, Hamaika emakume artista erakusketa egin zuen. Haren bidetik dator datorren egubakoitzean, martxoaren 3an, zabaldu eta hilaren 31ra arte Kulturaten ikusgai izango den bigarren edizioa.  

Aurreko bilduman parte hartu zuten Alazne Zubizarreta Montero, Euri Bruña Iturbe, Araitz Perea Kortabarria, Helena Azkarragaurizar Jauregi, Lexuri Doyague Loiti, Jone Zubizarreta Unzueta, Miren Barrenetxea Iñarra eta Maddi Urizar Altuna daude; eta aurten, Sara Miguelez Garitano, Agurtzane Telleria  Larrañaga eta Joana Manzisidor Akizu batu zaizkie. Ekin Emakumeak Elkartea da sustatzailea oraingoan ere.

Talde-lanaren emaitza

"Herriko emakume artistak eta haien lanak ezagutaraztea, Arrasate arteaz aberastea eta herriko emakume artisten arteko sarea ehuntzea eta kolektibo gisa eragitea dira egitasmoarekin lortu gura ditugunak. Era berean, taldeak artetik sortzeari garrantzia eman dio hasieratik, erakusten den obrari ez ezik, bereziki erakusteko moduari erreparatuz", dio Leire Estevez Ekin Emakumeak elkartekoak.

Abenduan erabaki zuten erakusketa egitea, eta urtarrilean hasi ziren prestaketa lanekin. "Artistak izatez hamaika gara, baina proiektuan modu desberdinetan ekarpena egin duten beste emakume sortzaile batzuk izan ditugu bidelagun; besteak beste, inaugurazioan, zabalkunderako egindako bideoan eta, orokorrean, aholkulari gisa: parte hartu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu", dio Maddi Urizar artistak. Lan-taldeka antolatu dira bestelako lanak egiteko: komisarioak, erakusketaren irudia...

Katalogo berezia atera dute

Erakusketako irudia –kartelekoak, katalogoko azalekoak eta pinetan daudenak– talde moduan funtzionatu izanaren eredu garbia dela diote. "Taldean sortutakoak dira, denok egin dugu gure ekarpena. Kartela, lan-kate  baten emaitza da: bakoitzak aurrekoak sortu duen irudiari jarraipena emanez osatu da. Ariketa berdinetik sortu dira katalogoko azala eta pinak ere".

Katalogoa erakusketaren parte da, eta erakusketan izango da eskuragarri. "Ez da ohikoa, ez du aurkezpen edo azalpen rolik beteko, baina artisten lanaren zati bat norberak etxera eramateko aukera ematen du. Gonbidatuta zaudete!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak