goiena.eus

'Euskal balearen ehiza' dokumentala eguaztenean Kulturaten

 Arrasate

Arrasateko Asier Altuna Txokito-k, Jon Goikoetxea gasteiztarrak eta Oier Bartolome debarrak ekoiztutako ikus-entzunezkoa eskainiko dute eguaztenean Kulturaten 18:30ean; balearen ehiza olatu handienarekin konparatu dute dokumentalean, metafora gisa.

'Euskal balearen ehiza' dokumentala eguaztenean Kulturaten
Dokumentalaren egile Asier Altuna 'Txokito' arrasatearra eta Jon Goikoetxea gasteiztarra, Monterron parkean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Olatu handiak ehizatzen dituzten euskal surflarien testigantzak eta irudi ikusgarriak jaso dituzte Euskal balearen ehiza dokumentalean, Bideolan ekoiztetxea osatzen duten Arrasateko Asier Altuna Txokito-k, Gasteizko Jon Goikoetxeak eta Debako Oier Bartolomek. Euren lagunak diren eta hain ezagunak ez diren olatu handien sei surflari dira ikus-entzunezkoan protagonista: Andoni Fernandez, Iker Muñoz, Julen Larrañaga, Pablo Gartzia, Josu Iribar eta Oier Bartolome bera. "Oriotarrak, getariarrak, debarrak... guk ezagutzen ditugun lagunak dira eta gura genuena da haiei aukera ematea jendeak ikus dezan zelako trebetasuna daukaten eta momentu batzuetan nolako une gogorretan egon behar izaten diren surfean dabiltzanean", azaldu du Txokito-k. Bale arrantzan balira bezala, olatu erraldoien ehizak suposatzen dituen esfortzu eta etekinak erakusten dituzte lanean, Euskal Herrian azkenaldian olatu handiak harrapatzen geroz eta jende gehiago dabilela azalduaz.

Astebetean egindakoa

Denbora gutxian ekoiztutako dokumentalaren emaitza izango da eguaztenean Arrasaten eskainiko dutena, izan ere, astebete besterik ez zuten behar izan ikus-entzunezkoa egiteko; hiru egun behar izan zituzten elkarrizketak grabatzeko eta bi egunetan muntaia guztia egitea lortu zuten: "Gaur egun Internet bidez jendeak azkartasuna bilatzen du, eta gu konturatu gara grabatutako bideoak egunean bertan sarera igota, bisita gehiago izaten dituztela eta oihartzun handiagoa lortzen dituztela. Orduan, uste dut garrantzitsua izan zela ez produkzio handi bat egitea, baizik eta azkarrak izatea. Astebetean egin genuen dokumentala; hiru egunetan egin genituen elkarrizketen grabaketak eta bi egunetan muntaia guztia. Gustura gelditu gara azken emaitzarekin", azaldu du Goikoetxeak.

Dokumentala iazko Donostiako SurfFilm Festibalean aurkeztu zuten, eta grabaketak egiteko drone bat erabili dute eta baita ere kalitate altuko bi argazki kamera.

Kulturaten eskainiko da

Udal Kirol Zerbitzuak aurrera daraman Arrasasoi: hamabi hile, hamaika gai programaren barruan eskainiko da dokumentala eguaztenean 18:30ean Kulturateko areto nagusian. Txokito eta Goikoetxea ekoizleak ere bertan egongo dira gainera, ikus-entzuleei dokumentalaren gaineko azalpenak emateko prest.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa