Ander Lipus: "Obrak hainbat gai ditu bihotza ukitzen dutenak"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko urt. 27a, 13:32

Ander Lipus Oñatiko emanaldiko une baten.

Domekan, hilak 29, Francoren bilobari gutuna obra egongo da Amaia antzokian (19:30), Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Theatre de Pain taldeen arteko elkarlanari esker. Ander Lipus (Markina-Xemein, 1971) aktorearekin egin dugu berba obraren gainean; ekainera arte Euskal Herriko hainbat txokotatik pasatuko dira. Sarrerak erosteko, hemen klikatu.

Oñatiko emanaldiarekin oso gustura geratu zen jendea. Eta zuek?

Gu ere bai. Aktoreok izan dezakegun sari ederrena plaza beteta ikustea da eta Oñatin ere ia goraino bete zen aretoa.    

Obra bihotzera heltzen dela diote.

Gaia oso potoloa da, sakona. Frankismoak eragindako minak ageri dira, besteak beste. Ospitale baten gertatzen da; ospitale baten denetarik dago, heriotza zein bizitza. Hortaz, baliatu ditugu ospitale bateko pertsonaia eta istorio ezberdinak garai hura islatzeko. Batzuetan samurtasunetik eta umoretatik eta beste batzuetan tragediatik. Ordu eta 45 minutu irauten du antzezlanak baina oso erritmo bizia du, pertsonaia askorekin.

Hiru taldek elkarlanean egindako obra. Pozteko albistea al da hori?

Guretzat pozgarria eta pizgarria da. Hirugarren aldia da, aurretik Errautsak eta Hamlet taularatu genituen. Hiru urtean behin erabiltzen dugun formula da eta jendea adi egoten da gu ikustera etortzeko. Frogatu dugu probintzia ezberdinetakoak izanda ere, elkarlanean euskarazko obra bat egin dezakegula. Frogatu dugu hori posible dela.

Eta gidoilari lanetan bertsolari bat jarrita; Igor Elortza, kasu honetan.

Bertsolariek gauza asko dituzte onak. Batetik, oso ondo ezagutzen dute Euskal Herria eta oso jantzita egon ohi dira arlo askotan. Ahozkotasunaren eta bat-batekotasunaren trebezia dute, eta euskararena zer esanik ez. Oso pozik gaude Igorren lanarekin eta uste dut ikusleak igarri duela atzean dagoen lana.

Atzeko lan horrekin pozik zaudete?

Oso pozik. Antzerkiaren funtsik inportanteena da agertoki gainean ageri diren aktoreez gain, atzean jende asko dagoela. Zuzendari bat badago, azken hitza eman duen horren figura beharrezkoa delako, baina guztion arteko sorkuntza lan bat da.  

Ikerketa lan bat ere badago atzetik.

Propio sortutako webgunean [www.franco.eus] irakur daiteke eta gaiekin zein pertsonaiekin islatzen da. Gure herriaren historiaz ari gara: trabajadoriak, kontzentrazio esparruak, ume lapurtuak, torturak, euskararen aurkako jazarpena... Hainbat gai daude bihotza ukitzen dutenak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak