Hamarkada bat arrasatearren zerbitzura

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko urt. 10a, 15:38

Oso gutxi izango dira azken hamar urteotan Arrasateko Biztanleen Arreta Zerbitzutik (BAZ) pasatu ez diren arrasatearrak. Lehen urteetan egunero 100 herritar inguru pasatzen ziren bataz beste, eta gaur egun kopuru hori bikoiztu egin da. 2017rako "iraultza" dator, gainera: zerbitzua telematizatu egingo dute, herritarrek internet bidez hainbat tramite egin ditzaten.

Udaleko sarrera erregistroa egitea, kexak zein iradokizunak jasotzea, galdutako objektuak biltzea, autobuseko ordutegiak edo olio poteak moduko udal materiala banatzea, hondakinen bulegoko tramiteak egitea, TAO sistemaren barruan egoiliarren txartela berritzea, Udaleko zein udalerriko informazio orokorra banatzea…

Askotariko zerbitzuak

Hainbat eta askotarikoak dira Arrasateko Biztanleen Arreta Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuak. Horregatik, gaur egun pentsaezina litzateke Arrasateko Udalak ez izatea BAZ moduko gune bat. Baina, atzera eginda, zertarako sortu zen? "Herritarrei zerbitzu hobea emateko sortu zen. Udalaren lana arintzeko egin zen, udaletxetik kanpo zerbitzu irisgarrria eskaintzeko; askotariko zerbitzuak ematea izan zen asmoa, leihatilez leihatila joan beharrean leku berean egitea tramite guztiak", adierazi du Edurne Muxika arduradunak.

Egunean lau edo bost kexa

Zerbitzu erabiliena da Udaleko sarrera erregistroarena, eta horrez gain erabilienen artean daude, obra txikietarako lizentziak eskatzea, hilerriko zerbitzu orokorrak, galdutako objektuak jasotzea…. Kexak eta iradokizunak ere egunerokoen artean daude, eta bataz beste egunean lau edo bost kexa jasotzen dira. Herritarrak BAZen bertan, telefono bidez, idatziz, online edo posta elektronikoz helarazi dezake kexa.

200 herritar egunero, bataz beste

Orain, urte hasiera dela-eta TAO txartelen berritzearekin dabiltza buru-belarri eta baina urtean zehar, astelehenetik egubakoitzera, egunero 200 herritar pasatzen dira BAZetik bataz beste. Zapatutan, berriz, 45 bat herritar pasatzen dira egunero.

Telematikarako jauzia

Aurrera begira, urte berezia izango da 2017a. Ezinbesteko erronka bati egin beharko diote aurre, zerbitzua telematizatu egingo dute laster.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak