Gaur egun Etxezarreta moduan ezaguna den eremua bisitatzen duen herritarrak sagasti-etxea izan zenaren arrastoak eta XIX. mende bukaeran eraiki zen lorategi botanikoaren lekuko den begetazioa ikusi ahal izango ditu. Leku ikusgarria izan arren, itxura goibela dauka egun, ez dagoelako behar den moduan zainduta.
Lursail "oso interesgarria"
Hasteko eta behin, eremuaren azalera handiak ematen du atentzioa. 83 hektareako azalera duen lursaila da Etxezarreta, Arrasateko ekialdean kokatua. AP-1 autobidearen sarrera ingurutik hasi eta Kortapoto deritzon mendi magal guztia hartuz Elorregiraino –San Prudentzio– iristen da. Muga egiten du, beraz, Oñatiko eta Bergarako udalerriekin. Ingurumen ikuspegitik begiratuta, Naturtzaindiak uste du lursail "oso interesgarria" dela. Kasu erabat ezohikoa da Etxezarretarena, Gipuzkoan batez besteko lursailen azalera askoz txikiagoa izaten delako; lurraren jabegoa oso atomizatuta dago eta hori arazo izaten da ingurumen hobekuntzaren ikuspegitik proiektu eraginkorrak martxan jartzeko.
Pribatua eta zati bat babestua
Lursailaren barruan gune babestua dago, Arrasateko Udalaren Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) jasotzen duenez. Eraiki ezin den lurzoruaren eremu banaketan, babes bereziko eremu bezala dago jasota (2.8.Etxezarreta). Hau da, lursailaren beheko aldea, erreka ertza eta bertako basoa dagoen tokia. Gainontzekoa basogintzarako lurzorua da eta insignis pinuaren landaketa dago bertan. Pinudiak hartzen du gaur egun mendiaren zati handiena, 65 hektarea, hain zuzen ere. Pinu horiek 1976an landatutakoak dira eta zuraren aprobetxamendurako zuhaitz mozketak egiten hasita daude.
Argazkia: Etxezarreta eremuko bi eraikin.
Ondare natural handia
Naturtzaindiak egindako txosten teknikoan hiru atal nabarmentzen dira ingurumen ikuspegitik Etxezarretak duen aberastasuna deskribatzeko.
Lehenik eta behin, Europar Batasunaren intereseko bi habitat mota daude: haltzadia eta txilardia. Haltzadia ibaiari lotutako baso mota da, Debarroan gune gutxitan kontserbatzen dena. Etxezarretakoa kontserbazio egoera onean dago –eskumako ibai ertzean–, Debarroko haltzadi interesgarrienetakoa da. Bertan aurkitu da landare bioaniztasun mailarik handiena Arrasateko udalerriari dagokionez. Ibai ekosistema hobetzen jarraitzeko –legeak hala agintzen du, Naturtzaindiak gogora ekarri duenez– ezinbestekoa da haltzadia kontserbatzea eta haren egoera hobetzea: "Horretarako, ibai bazterra lurzoru publikoa izatea garrantzitsua da". Txilardia ere babestu beharreko habitat mota da Europar Batasunaren arabera; gaur egun goi tentsioko linearen azpian geratzen da txilardia.
Bigarrenik, hariztia mantentzen du Etxezarretak. Gipuzkoan, Arrasate barne, ia desagertzeraino murriztu dira hariztiak: "Zorionez, Etxezarretan mantendu egin da bertako basoaren testigu bikaina, ez delako egon gizakiaren esku-hartzerik hamarkada batzuetan. Hori altxor bat da".
Hirugarrenik, Rafael Ariza Etxezarretak XIX. mende amaieran eraikitako "garrantzi handiko" lorategi botanikoa dago. Gaur egun ere begetazio ikusgarria dauka, zuhaitz espezie konposizioa, horien adina eta tamaina aintzat hartuta. Ariza Etxezarretak lorategi ederra sortu zuen erreka bazterrean eta aniztasun handiko arbola exotikoak landatu zituen: sekuoia erraldoiak, Atlasko zedroak, Lawsoneko nekostak, araukariak... Askok 100 urte baino gehiago dituzte eta beste ale batzuk galdu egin dira. Sagasti-etxetik gertuago, meriendarako mahaia jartzen zen lekuan, garapen handiko zuhaitzak daude: ereinotzak, makal kanadarrak, gorostiak, magnolioak, haginak, izeiak, Jupiter zuhaitza...
Azaleratu beharreko "altxorra"
Etxezarreta eremu publiko bihurtzearen aldekoek diote "aukera aparta" duela Arrasateko Udalak "ingurune paregabe" hori erosteko: "Bertako ondare historikoa aitortzea eta balioan jartzea, ingurumena babestea eta hobetzea eta herriari aisialdirako kalitatezko espazio bat eskaintzea ahalbidetzen du Etxezarretak".
Etorkizunean arrasatearrendako aisialdirako natur-gune bat izan daitekeela sinetsita daude: "Azaleratu behar den altxorra da Etxezarreta: bere lorategi ederrarekin, ibaiari lotutako aisialdi gunearekin eta baso zoragarriarekin. Inguruaz gozatuz, kirola egiteko, lagun artean egoteko, umeekin jolasteko, ibilaldiak egiteko, irakurtzeko… Eta hau guztia herritik irten barik". Gaineratu dutenez, gaur egungo bidegorriak –Vasco Navarro trenaren bidea aprobetxatzen duena– jende asko erakartzen du eta ez litzateke esfortzu handirik egin beharko herritarra bertara erakartzeko.
Kudeaketa eta diru-laguntzak
Etxezarreta 18 jabez osatutako komunitate batena da gaur egun eta komunitate horren bozeramaileak Diputazioko basoen zuzendari ohi Julian Unanuek daraman enpresaren eskuetan utzi zuen kudeaketa: "Jabeek mozketarekin eta salmentarekin dirua irabaziko lukete, 40 urte barru ez dira-eta hemen egongo".
Sustatzaileek diote eremua publiko egiten bada kudeaketa modua Udalaz kanpokoa izan daitekeela: "Zaintza erakunde batekin borondatezko akordio bat sinatu daiteke, betiere, bioaniztasunaren kontserbazioa helburu duen erakunde batekin".
Proposatzen dute, esaterako, kanpoko erakunde horrek kudeatzea lursail guztia, basoa barne, eta Udalak kudeatzea etxe ingurua eta lorategia. "Lursailaren eremu ezberdinen ezaugarriak kontuan hartuko lirateke eta helburuen araberako zonifikazioa egingo litzateke, esate baterako, kontserbaziorako eremua, erregenerazio-eremua eta aisialdirako eremua definituz", gaineratu dute.
Bestalde, eremua erosteko diru-laguntza lerroak daudela gogora ekarri dute. Udalari proposatzen diote bereziki Gipuzkoako Diputazioak basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko laguntza lerroaren barruan, natura babesteko eta bertako landaredia sustatzeko helburuarekin ematen den laguntza dela interesgarriena: "Sartutako espezieak hazkunde ertainekoak eta bertakoak direnean –eta Etxezarretan hariztia birsortu beharko litzatekeenez, horrela izango litzateke– diru-laguntza % 90ekoa izan daiteke". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailean ere badira diru-laguntza lerroak.
Hau guztia aintzat hartuta, anbizioa eskatu dute: "Gure ondorengoendako proiektu bikain bat gauzatzeko aukera du Udalak eta horretarako gure laguntza guztia izango du. Anbizioa izan dezagun gai honekin".
Rafael Ariza Etxezarretaren ondarea
Etxezarreta eremuaren lehen erreferentziak 1773koak dira, baina XIX. mende amaierakoak eta XX. mende hasierakoak dira istorio interesgarrienak. Rafael Ariza Etxezarretaren garaikoak, hain justu. Severina Etxezarreta eta Rafael Ariza Espejo zituen guraso eta harreman hartatik, Rafael bera eta Severina arreba jaio ziren, Madrilen; gaur egun Etxezarretako lorategian daude lurperatuta.
Gurasoengandik herentzian jaso ostean, 1902an etorri zen Rafael Etxezarretara bizi izatera. Kultura maila altuko gizon aparta zen eta oso ezaguna egin zen Arrasaten. Felix Arano maisuaren lagun-mina zen eta baita Biteriren jarraitzaile sutsua ere. Etxezarretako liburutegian gai eta hizkuntza askotako milaka liburu gordetzen zituen, eta Pio Baroja edo Gregorio Marañon bezalako idazleak sarri joan ohi ziren bertako liburutegira. Diotenez, Pio Barojak El cura de Monleón idatzi zuen bertan.
Bide, portu eta kanalen ingienari zen eta etxe erditik pasatu behar zen trenbidea erreka bazterrera desbideratzea lortu zuen horretarako planoak zuzenduta eta egokituta. Rafaelek gogor heldu zion sagardo ekoizpenari eta bereganatu zituen teoria eta teknikei esker Arrasatetik kanpo ere saltzea lortu zuen. Kontuan hartu behar da Sagasti-Echea –izen horrekin zen ezaguna orduan– Euskal Herri zein Europa mailan, baserri puntakoetako bat zela teknologikoki; basogintzan, abeltzaintzan zein hegaztien hazkuntzan. Botanika zen haren beste pasioetako bat; aniztasun handiko lorategi ederra sortu zuen. 1934an hil zen eta orduan hasi zen galtzen sagasti-etxeko eta Etxezarretako ondarea.
Argazkia: Sustatzaileetako batzuk Etxezarretako liburutegiko dokumentuekin, tartean 1906ko aldizkari bat.
Aitor Zubiaga, Besaide elkarteko presidentea: "Borondatea eta anbizioa behar dira"
Zubiaga buru-belarri dabil azkenaldian Etxezarretako proiektuarekin, sinetsita dago aukera aparta dela.
Zergatik izan behar du orain? Zergatik dago gaia une erabakigarrian?
Bagenekien jabeen aldetik eremua saltzeko interesa zegoela, baina pinuen mozketak hasita daude egurra aprobetxatzeko. 65 bat hektarea hartzen du pinudiak eta hain da handia saila bideragarritasun plan bat eskatzen zuela. Plan horretan jasotzen da Abeto douglas pinua landatzea. Ez badugu ezer egiten berriro hasiko dira landatzen. Hori gertatu aurretik gura dugu Udalak bere egitea eremua, publikoa izanda beste era batera kudea daitekeelako. Helburua da arrasatearrek etorkizunean parke eder bat izatea, baina jakin behar dugu borondaterik eta anbiziorik dagoen edo ez.
Nola doaz harremanak Udaleko ordezkariekin?
Alderdiekin egon gara eta egunotan ari dira proiektua aztertzen. Sustatzaile izan gabe, EAJ beste bide batzuk ari da aztertzen eta EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik sartu dituzte gaiarekin lotutako emendakinak 2017ko aurrekontuei begira. Giro adiskidetsua behar dugu taldeen artean, liskarrik gabe. Alderdien arteko adostasuna posible dela uste dugu; herriaren onerako izango da.