Baietz 1.000

'Baietz 1000', komertzioetan euskaraz aritzeko kanpaina

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 27a, 09:49

Arrasateko euskalgintzak herriko dendariekin euskaraz aritzeko kanpaina berria jarri du abian. Bost aste iraungo du kanpaina honek, eta herritarren parte hartze zuzena izan beharko da berau garatzeko.

“Baietz mila” izena jarri diote Arrasateko komertzioetan euskaraz aritzea xede duen kanpainari. Izan ere, mila herritarrek argazki bidez beraien atxikimendua erakutsi dezaten nahi dute bultzatzaileek.

 Aurkezpenean, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak nabarmendu du kanpaina hau "estrategikoa" dela euskararen normalizazioari dagokionean.
 
Datorren astean abiatuko da kanpaina, eta lehenengo hiru asteetan herritarren argazkiak jaso nahi dituzte, gerora horiekin mosaiko erraldoi bat osatzeko. Norberak atera eta bidali dezake argazkia eta 688 690 017 telefonora edo baietzmila@gmail.com helbide elektronikora. Bestalde, datozen egunotan Goienak herrian jarriko duen photocallean ere egongo da horretarako aukera.
 

Aktibazio fasea

Hala, hiru astez argazki kanpaina burutu eta mosaikoa egin ostean, bigarren faseari ekingo diete, aktibazio faseari, hain zuzen. Bertan, prest dauden herritarrek hamabost eguneko esperientzia pilotu bat egingo dute, herriko dendetan beti euskaraz aritzeko esfortzua eginez. Gero, fase honetan parte hartzen dutenen artean, erosketa bonuak eta Goienaren Puntua aldizkarirako harpidetza zozketatuko dute.

Bigarren fase honekiko zalantzak argitzeko, berau hasi aurretik, azaroaren 19an, Etxaluzen saio praktiko bat egingo dute EMUNeko teknikarien eskutik, sor daitezkeen egoera deserosoei nola aurre egin ikasteko. 

Ibai Arterekin lankidetza

Bestalde, kanpainaren aurkezpenean Udaleko euskara teknikari Aintzane Lasak azaldu du badutela Ibai Arterekin batera lantzen diharduten euskararen inguruko plan bat. Besteak beste, merkatarien beharretara moldatutako hizkuntza formakuntza eskaintzen dute.
 
Eskola horietan parte hartzen du, esaterako, Raquel Alonso merkatariak, eta herritarrak animatu ditu komertzioetan euskaraz aritzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak