Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

EH Bildu: "Etorkizuna beste begi batzuekin ikusteko parada ematen dute emaitza hauek"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko ira. 27a, 10:12

Arrasateko EH Bilduren kanpainako une ezberdinak.

Arrasateko EH Bilduk eskerrak eman nahi dizkie Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eurengan konfiantza izan duten arrasatear guztiei. Azken hauteskundeetan izandako atzera pausuekin alderatuz, etorkizuna beste begi batzuekin ikusteko aukera ematen dutela diote, besteak beste, esker on mezuan.

Jarraian, oharra osorik:

"Lerro hauen bitartez Arrasateko EH Bildutik eskerrak eman nahi dizkiegu EAEko azken hauteskunde hauetan EH Bildurengan konfiantza izan duten eta babesa eman dioten arrasatear guztiei.

Azken urteotako hauteskundeetan izandako atzera pausuekin alderatuz, etorkizuna beste begi batzuekin ikusteko parada ematen dute emaitza hauek. Eta emaitzak emaitza, orainari eta etorkizunari begiratzea dagokigu, ezkertiar eta independentistok herri honentzako eta bere herritarrentzat lanean jarraituko dugulako. Orain arte gaizki nahiz ongi egindakoetatik ikasiz eta herritarrei entzunez herri egiten jarraituko dugu, librea eta justua izango den herria merezi dugulako.

Honetarako baina, hauteskundeetako emaitzak ez dira nahikoak, ezta helmuga ere, eta horregatik, gaurtik aurrera ere lanean jarraituko dugu denon herria lortzeko asmoz. Kanpaina honetan egin bezala, elkarlanean arituko gara, herritik eta herrirako, arrasatearrak ezinbesteko aktibo eta helburu izango direlarik. 

Bukatzeko nola ez, kanpaina honetan lanean aritu zareten herritarrei eskerrak eman nahi dizkizuegu: sare sozialak astindu dituen ekipoari, Arrasateko kaleak megafoniarekin alaitu dituzten auto gidariei; pankarta,panel, mural, kartel eta euskarri ezberdinekin sormena lantzen eta herriratzen aritu zaretenoi; ekitaldi eta hitzaldietan hizlari, musikari, bertsolari, sukaldari nahiz entzule fidel izan zaretenoi, igandeko ezinbesteko 120 apoderatuei; eta batez ere, EH Bilduren mezua eta proiektua ahoz aho hedatu duzuen gizon-emakumeoi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak