Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzak (AGI) eztabaida iturri osoko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko mai. 4a, 11:23

Diputazioak Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza (AGI) kentzeko asmoaren inguruan iritzi kontrajarriak daude Arrasateko udalbatzan, atzoko osoko bilkuran argi geratu zenez. Udal Gobernua AGI delakoa Elkar Ekin "plan integratzailearekin" ordezkatzearen alde dago eta oposizioko taldeek, berriz, AGI diru-laguntza mantendu nahi dute.

EAJk eta EH Bilduk mozio bana aurkeztu zuten gai horren inguruan; lehena onartu egin zen PSE-EEren babesarekin; bigarrena ez, EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik alde bozkatu zuten, baina EAJk eta PSE-EEk kontra.

Ubarretxena: "Arrasaten ez dugu inor babesik gabe utziko"

Arrasaten 131 famili unitatek galduko lukete AGI moduan ezaguna den diru-laguntza, baina laguntza hori kenduta ere familia horiei babesa ematen jarraitzea da Udal Gobernuaren lehentasuna. Halaxe berretsi zuen atzo Maria Ubarretxena alkateak: "Guri dagokigu Arrasateko herritarrei babesa ematea. Badakigu AGI delakoa kentzean Udaletik baliabide gehiago jarri beharko ditugula. Baina bai nahi dugula berretsi guk Arrasaten ez dugula inor babesik gabe utziko; Diputazioari eskatzen zaio AGI-aren ordez berez integralagoa izango den eta onuraduna gizarteratzea helburu duen Elkar Ekin programa zertan datzan azal dezala".

EAJrekin batera gobernukide den alderdi sozialistak laguntza bermatu nahi du, betiere laguntza dirua ematea bakarrik ez dela argi utzita: "Ez gaude diru-laguntza kentzearekin. Beste proiektu baten alde gaude, non garrantzitsua deritzogun hizkuntza, hezkuntza eta bizimodua bermatzea. Ez dadila izan bakarrik dirua emateko laguntza bat", esan zuen Oscar Garciak.

Oposizioa, AGI mantentzearen alde

Oposizioa, berriz, AGI laguntza mantentzearen alde dago. EH Bilduk gogora ekarri du Arrasaten 131 direla baina Gipuzkoan 1.422 familia, horietan 700 ume daudela. Diputazioko gobernuak zabaldutako mezuak salatu eta horiek debate publikotik at egon beharko liratekeela uste du koalizio ezkertiar eta abertzaleak: "Ez dago dei efekturik, ez dago daturik hori egiaztatzen duenik. Ez dago inolako diru-xahutzerik, kontrol zorrotza dago. Mamu horiek haizatzeak arriskua dakar eta hori debate publikotik kanpo egon beharko litzateke. Bi eredu jarri dira aurrez aurre: batean, bi foliotako asmo bat dago ez dakiguna zertan gauzatuko den nahiz eta pertsonengan eragina izango duen. Bestean dago hiru edo lau urtetan kontrastatuta geratu den laguntza bat, ondo funtzionatu duena eta PSE-EErekin batera adostu zena gaur kontra bozkatu duten arren", esan zuen Eneko Barberenak. 

Baleike udal taldeak salatu zuen Diputazioko gobernuak eta Arrasateko Udalekoak ez datozela bat adierazpenetan: "Dei efektua sortu duela diote Diputaziotik. Udaleko osoko bilkuran gauza batzuk entzuten dituzu eta Diputazioko arduradunen adierazpenetan beste mezu bat heltzen da. Arrazista hitza erabili dugu, izan ere, poliki-poliki ikusten ari gara narratiba hori erabiltzen ari direla. EH Bildukoen esan duten moduan, gizarte zerbitzu sistema murriztu nahi dute", deritzo Igor Urizarrek.  

Irabazik, amaitzeko, EAJri gogora ekarri zion Diputazioko erabakien gainean Arrasateko jeltzaleek ere ardura handia dutela. AGI deritzon laguntza alderdi sozialista Jaurlaritzaren zegoenean kendutako laguntza baten ondorioz jarri behar izan zela gogoratu zuen Irabaziko bozeramaile Juan Luis Merinok.

Pobrezia energetikoa eta fracking-a

Bestalde, EAJk pobrezia energetikoa ekiditeko mozioa onartu egin zen. Irabazik bakarrik bozkatu zuen aurka, Diputazioari energia-hornitzaile ezberdinekin hitzarmenak eskatzen zuen puntuarekin ez zegoelako ados. Alkateak gogoratu zion eguenetan egiten duten Bozeramaileen Batzordean proposatu beharko lukeela puntu horren aldaketa. Horrez gain, EH Bilduk Fracking-aren aurka aurkeztutako mozioa ere onartu egin zen, aho batez. Hortaz, Arrasateko Udalak Espainiako Gobernuari exijituko dio Eusko Legebiltzarrak 2015eko ekainaren 30ean fracking-aren aurka onartutako legea betetzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak