"Eraso matxista guztiak" buka daitezela ozen aldarrikatu dute

Mirari Altube Arrese 2015ko abe. 17a, 13:58

Arrasateko Mundu Martxako plataformak deitutako agerraldia izan zen atzo Emakume Txokoan, eta Debagoieneko gainerako feministek bat egin zuten horiekin. Emakume Txokoaren aurkako erasoa salatu zuten, baita azkenaldian inguruan gertatutako eraso sexistak ere, emakume horiei babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera.

"Eraso matxista guztiak amaitu daitezen nahi dugula ozen esateko antolatu dugu agerraldia", zioen Iraitz Agirrek Mundu Martxako plataformako kide guztien izenean: "Haserre eta haserretik hitz egiten dugu, baina martxan gaude eta martxan jarraituko dugu. Elkarren arteko saretze eta emarauntzetik, erasoekin amaituko dugu".

Azaroaren 20an jasan zuen erasoa Arrasateko Emakume Txokoak. Leihoa apurtu eta zenbait ondasun eramateaz gain hainbat mezu agertu ziren hormetan idatzita, feminismoaren eta emakumeen aurkako mezuak.  Eraso hori "emakumeen askatasunaren eta ahalduntzearen aurkako" ekintzatzat hartu zuten: "Hau ez dugu eraso soil bat moduan ulertzen. Ez da salbuespenezko ekintza bat bakarrik. Emakumeok egunerokotasunean jasaten ditugun indarkeria eta eraso etengabeen markoan kokatzen dugu", zioten.

Horren harira Arrasateko udalari eskaera bat egin nahi izan zioten: "Eraso horren aurrean martxan jarri nahi dituen neurriak eta erabakiak zehazterakoan, erabiltzaileon ikuspegia aintzat hartzea, bai txokoko segurtasun neurrien ingurukoetan, bai bestelako erabaki garrantzitsuetan". 

Debagoienean izandako eraso matxistak

Bestetik, azken hilabeteotan Debagoienean gertatu diren hainbat eraso matxisten inguruan kezka agertu zuten eta elkartasuna adierazi gura izan zieten horiei: "Azken hilabeteotan Debagoieneko herrietan gertatu diren eta ezagutzera eman diren eraso matxista larrien inguruan kezka eta haserrea adierazi eta erasotuak izan diren emakumeei ere gure babesik beroena adierazi nahi diegu". Eta aipatu zituzten Arrasaten, azaroan, Zaldibar inguruan erasotutako neska eta Bergaran, gizon berberarekiko salaketa jarria duten lau emakume.

Emakume Txokoen "beharra"

Emakumeen bilgunearen alde egin zuten, eta adierazi txokoa "emakumeendako etxe bat dela", belaunaldi eta inguruko herrietako zein beste herrialde batzuetako emakumeak ezagutzeko lekua eta mugimendu eta sentsibilitate feministen bilgunea.

Aretxabaletan ere emakume txoko bat abian jartzeko lanean dabilela mugimendu feminista aipatu zuten, baina Udal gobernu berriak "eten" egin duela bideratuta zegoen egitasmoa. Eta mundu martxako plataformako kideek "inoiz baino gehiago dagoela horren beharra" adierazi zuten.

Gabon jaien atarian egonda bi ohar helarazi gura izan zituzten. Batetik, datozen jaietan eraso sexistarik ez dutela onartuko. Eta bestetik, jostailu eta opari ez sexisten alde egiteko gonbidapena egin zuten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak