Serbiako eta Euskal Herriko dantzak elkarrekin gaur Monterron parkean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko uzt. 24a, 08:00

Portugaleteko folklore jaialdiaren lagin batekin gozatzeko aukera 22:30ean. Euria bada, Amaia antzokian izango da.

15 eta 26 urte bitarteko 40 dantzarik osatzen dute gaur, egubakoitza, Arrasatera etorriko den Serbiako KUD Branko Cvetkovic dantza taldea. Biolinaren, kontrabaxuaren, akordeoiaren, danborraren eta zeharkako flautaren doinuen gainean, hainbat zonatako dantzen erakustaldia egingo dute. "Zazpi dantza ezberdin egiten dituzte;  ijitoen dantzen itxura dutenak daude horien artean. Euren emanaldietan, baina, musikak garrantzi handia du; aipagarria da neskek, dantza egiteaz gainera, abestu ere egiten dutela une berean. Dantza mistoak dira, mutilek eta neskek elkarrekin dantzatzen dute", dio Aintzane Angulok, Serbiarren begiraleak.

Ikusgarriak dira, Anguloren esanetan, dantzarien arropak ere: "Neskek prakak erabiltzen dituzte, eta buruan koroa eta belo antzeko bat daramate. Eskuan, berriz, zapi bat izaten dute. Mutilei dagokienez, bonbatxo itxurako prakak, gerrikoa eta alkandora zuria daramate".

Etxeko Lore Gazteak ere bai

Herriko 70 dantzari ere igoko dira Monterron parkeko agertokira –euria bada, Amaia antzokian–. "Taldearen berrogeita hamar urtetako ibilbideko kideak  gaude, gaur egungo eta garai bateko dantzariak elkarrekin egingo dugun saioa izango da, beraz, gaurkoa, ilusio handiarekin prestatu duguna", esan du Maddi Etxabe dantzariak.
Hiru taldetan banatuta, bederatzi dantza egingo dituzte: "Hainbat tokitako euskal dantzak batuko ditugu: agurra hasteko; besteak beste, fandango eta arina gero, eta bukatzeko, txulalai bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak