Batzordeen eraketak eta alkatearen soldatak eragin dute eztabaida gehien osoko bilkuran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko uzt. 13a, 19:41
Osoko bilkurako bozketa une bat.

Osoko bilkuran onartu denez, zortzi batzorde informatzaile izango ditu Arrasateko Udalak hurrengo agintaldian. Puntu horretan EH Bilduko bozeramaile Eneko Barberenak salatu du "arlo garrantzitsu asko batzorde baten pilatzearekoan" eginbeharrekoei behar den moduan ez eusteko arriskua egon daitekeela.

Zortzi batzordeburutik emakume bakarra izatea ere ez zaie ondo iruditu EH Bildukoei, eta Ongizate Zerbitzuen batzordea Tokiko Gobernu Batzarretik at geratzea ere ez dute ulertzen. Irabazi-Ganar koalizioko Juan Luis Merino ez da osoko bilkuran egon, baina salatu du Arrasaten "ezer ez aldatzeko" prestatu dutela dena: "Aurpegiak aldatzen dira, baina politika egiteko modua ez". Era berean, bi koalizioek ez dute ulertzen alkatearen soldata %40eko igo izana; urtean 65.000 euro kobratuko du Ubarretxenak. Azken gai horretan, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute, EH Bilduk kontra eta Baleike abstenitu egin da.

Alkatearen soldatari dagokionez, Eneko Barberenak salatu du Arrasatek egun bizi duen egoerak ez duela "inondik inora" justifikatzen halako igoerarik: "EAJko bozeramaileak esan du gure irizpidea dela alkatearen aurreko lanbideko soldata errespetatzea, baina hori ez da horrela. Guk gehienezko kopuru bat zehazten dugu soldatetan", gaineratu du. EH BIlduko zinegotzi edo alkateek hilean gehienez 2.500 euro kobra dezakete, Barberenak esan duenez. 

EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak nabarmendu du Ubarretxenak Eusko Jaurlaritzako lanbidearekin kobratzen zuena baino gutxiago kobratuko duela alkate modura. Horrekin batera, Ubarretxenak adierazi utzi du aurreko agintaldiko liberazioak aintzat hartu ezkero Udalarendako suposatuko duen gastu totala murritzagoa izango dela.  

Tokiko Gobernu Batzarreko kideak:

  • Ibon Arrupe (EAJ)
  • Juan Ramon Mendieta (EAJ)
  • Ander Garai (EAJ)
  • Juan Karlos Garitano (EAJ)
  • Anuska Ezkurra (EAJ)
  • Oscar Garcia (PSE-EE)
  • Victoriano Fuentes (PSE-EE)

Batzordeak eta batzordeburuak:

  • Hirigintza, Ingurumena eta Mugikortasuna: Ibon Arrupe (EAJ)
  • Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoak: Oscar Garcia (PSE-EE)
  • Enplegua eta Pertsonala: Juan Karlos Garitano (EAJ)
  • Ogasuna: Ander Garai (EAJ)
  • Komertzioa, Turismoa, Teknologia Berriak eta Sustapen Ekonomikoa: Victoriano Fuentes (PSE-EE)
  • Kirola, Gazteria, Berdintasuna eta Hezkuntza: Ander Garai (EAJ)
  • Kultura eta Euskara: Juan Ramon Mendieta (EAJ)
  • Gizarte Ongizatea: Igor Urizar (Baleike)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak