Lagun eta oroitzapen asko Monterronen Jul eta RIPen omenez

Jon Berezibar 2015ko eka. 28a, 10:11

Ezer izatekotan hunkigarria eta jendetsua izan da Jul Bolinaga eta RIP taldeari omenaldia bart, lagun zahar, musikari eta aurpegi ezagun asko oholtzan eta, agertoki aurrean, aspaldi ikusi ez den jendetza Monterronen. Irudi ederrak utzi zituen atzo musikariari egindako omenaldiak. Bihar, astelehena, omenaldian eta 'backstage'-an jasotakoekin tarte berezia eskainiko dute Goiena Telebistako 'Debagoiena Zuzenean' saioan, 20:00etatik aurrera.

BACKSTAGE-EAN, KONTZERTUEN AURRETIK

Eskerrak Monterron parkeko eszenatokia zabala den, oholtzako metro guztiak eta bakoitza beharrezkoa izan baitzituzten atzo Julen Bolinaga Jul zenaren adiskideek. Hain zuzen, horixe izan zen unerik gailenena, guztiak, musikari, lagun eta senide, besarkatuta, The Potesek haren azken urtebetetze egunerako sortu zuen Harro nago abestia ozen eta hunkituta kantatu zutenekoa. Hiru ordu baino gehiago iraun zuen jaialdi alai bezain sentituan, joandako hamarkadetako euskal rockaren aurpegi ezagunak, herriko musikariak eta Jul-en lagun asko eta asko igo ziren agertokira. Irudiak barrenean proiektatuta, uneoro egon ziren Bolinagaren eta RIPekoen irudiak presente, agertokiaren albo batera eskegitako "Harro gaude" zioen kartel erraldoiarekin batera.  

The Clashen bertsioak eginez The Magnificient Seven taldeak hasi zuen jaialdia. Txerra Bolinaga izan zuen Arrasateko tributu taldeak baterian lagun, eta bertan eutsi zion anaiak tinko ia jaialdi osoan, gartsu, bonbo eta plateren artean. Señor No taldeko Xabiren eta Gramonesen gitarra-jotzailearen Piztu Punk taldeak hartu zuen oholtza hurrena, eta bertsio eta omenaldiekin jarraituz, Beastie Boys, Metallica ala Motörheaden ale gogoangarriak jo zituzten Carrocerias Betoñokoek. Orduan ere Txerra jo eta su. 

Festak piztu eta gora egin zuen hortik aurrera. Zubiaga anaiak jabe eginda, gonbidatu ezagunen andana luzea izan zen. Fermin Mugurutzak Kortaturen Zutik jo zuen (Julek jotzen zuen gitarrak jatorrizko grabazioan) eta ostean Lepoan hartu etorri zen, Monterron osoa kantuan jarriaz. Kantaldi herrikoi mailara heldu zen jaialdia RIP taldearen abesti mitikoen bertsioekin. Hala, berezia izan zen oso GOSE taldeko Ines Osinagak Enamorado de la muerte abestiarekin egin zuen triki bertsioa. Juan Sangre, Josu Uribesalgo, SAko Iñigo Zubizarreta, Des-Kontroleko kideak, Kañeriakoak… mondragoetarren ordezkaritzak ez zuen hutsik egin gau hunkigarri eta sentimentalean.  Eta, zelan ez, ereserkia ez zen falta eta Mondra, mondra ia gudu-kantu bezala abestu zuten musikari eta ikusleek.

The Potes taldearekin egin zuten agurra, Julen azken taldea. Gero arte esateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak