Arrasatearren lana zoriontzearekin batera, oraindik ere egiteko "asko" dagoela gaineratu du Hondakinen Mahaiak: "Asko dugu egiteko, bereziki, organikoaren kalitateari dagokionez. Organikoa ondo berezitzea da emaitza onak lortzeko giltza; sarritan esan dugun bezala, organikoa delako egunero etxeetan sortzen dugun hondakin osoaren erdia pisutan".
"Ezin dugu inolaz ere arreta galdu"
Izan ere, gaurko agerraldian aditzera ematen dutenez, oraindik ere "hainbat herritarrek" organikoak ez diren hondakinak botatzen ditu organikoaren edukiontzira: "Organikoa birziklagarria da, %5 baino inpropio gutxiago dituenean. Organikoz betetako kamioi oso bat errefus bihur daiteke bere barnean, organikoaz batera, %5 baino inpropio gehiago baditu. Zer esan nahi dugun horrekin? Ba oraingo gure emaitzak onak diren arren, nahiko gertu gaudela %5a gainditzen duen inpropio maila horretatik. Horregatik, ezin dugu inolaz ere hemendik aurrera arreta galdu. Arrasatearrok ondo egiten jarraitu behar dugu eta hobeto egiten saiatu emaitza on hauek iraun dezaten", adierazi dute.
Edukiontzien irekiera sistema hobetzeko asmoa
Bestalde, organikoarendako eta errefusarendako edukiontzien irekiera sistema hobetu gura dute: "Txartelarekin zabaltzerakoan goian mantentzea ahalbidetuko dugu. Hori bai, gero herritarrak itxi beharko du edukiontziaren estalkia", adierazi du jarduneko ingurumen zinegotzi Josu Peredak. Hondakinen Mahaiaren arabera, "datorren astean" hasiko dira irekiera sistema berria duten edukiontziak jartzen.