Urtero moduan, egunetik egunera gero eta jende gehiago hurbildu da karpara: "Eguenean babesleekin eta Udaleko ordezkariekin afaldu genuen eta horrez gainera, pintxo-poteoaren aitzakian jende asko batu zen. Are gehiago egubakoitzean, eta zer esanik ez atzo, zapatuan. Generoa erosteko ilarak sortu ziren atzo. Sekulako giroa izan da egunero, eta bereziki atzo, zapatua, aspaldiko partez jendea dantzan egitera animatu zen DJ Alvaro Carrasak jarritako musikarekin" gaineratu du Maidaganek.
Datorren urtean gehiago
Gaur, domeka, goizean hustu dute errugbi taldekoek karpa, eta bihar astelehena kenduko dute Herriko plazatik. Azoka antolatzeak lan handia eskatzen duen arren, ez dute dudatan jartzen datorren urtean izango denik: "Hamazortzigarrena izango da eta herritarrei gainera Debagoieneko beste herrietara ere luzatu gura dugu gonbidapena, bai Zazpikako txapelketa ikustera etortzeko eta baita Azokara ere. izan ere, Arrasate da gure taldearen izena, baina bailaran daukagun errugbi talde bakarra denez, Debagoieneko izaera duela ulertzen dugu".