Ordiziak irabazi du zazpiko errugbi txapelketa

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko eka. 6a, 19:56

Faboritoak ziren eta hala eskuratu dute Ordiziarrek txapelketako sari nagusia, finalean aurkari izan duten Elorrioren aurkako arratsaldeko lehenengo partiduan galdu egin badute ere. Finalean baina, erraz menderatu dituzte bizkaitarrak, 29-7ko emaitzarekin. Etxeko taldeak, osatu du podimun-a, hirugarren sailkatu da-eta ART.

Sei taldek hartu dute parte gaur, zapatua, Mojategin, errugbi eta futbol zelaietan jokatu dituzten zazpiko errugbi txapelketan. Etxekoekin batera lehiatu dute: Ordiziak, Elorriok, Eibarrek, Gernikak eta Gaztedik. Harmailetan herriko eta kanpoko taldeen zaleak batu dira; horiek ere giro onean.

Pablo Aiestaran Ordizia taldeko jokalariaren esanetan, prestaketa handirik barik etorri dira txapelketara baina  goi mailako taldeko jokalariak ekarri dituzte eta horiek gidatu dute taldea, hala ere aitortu du sorpresa izan dela sari nagusia irabaztea. "Finaleko lehenengo minutuetan bi entsegu sartu ditugu beraz, aldapa behera jarri zaigu partidua eta nahiko azkar joan da gero. Lagunarteko txapelketa da, giro onekoa, apenas egon da keinu zatarrik. Denboraldia bukatuta plazer bat izaten da Arrasatera etortzea".

Igor Isasi ere gustura arrasatekoen lanarekin

Aurkari zuzenarekin, Elorriorekin jokatu dute finalerdia Arrasatekoek. Neurketa polita eta lehiatua izan da, lagunarteko pikerik falta izan ez dena. Berdinketarekin bukatu da partidua eta urrezko entsegua deitzen dioten luzapenean eskuratu dute Elorriokoek finalerako txartela. "Aspaldiko lagunak garen arren, betidanik izan dugu elkarrekin piketxoa. Polita izan da partidua, baina gehiago izan dira eta horregatik, zorionak Elorrioxori!" kontatu du Igor isasik, ARTko entrenatzaileak eta zera gaineratu du: "Hala ere pozik nago taldeak egindako lanarekin. Apenas prestatu dugu txapelketa eta hirugarren sailkatu gara. Gustura nago, duda barik, taldeak egin duen denboraldiarekin. Orain oporrak eta abuztu amaieran hasiko gara hurrengo denboraldia prestatzen. Ikusiko dugu zelako taldea izango dugun datorren urtean, jokalari asko kanpora doaz ikasketak edo lan kontua direla-eta.

Elkarrekin herriko plazako karpara

Zelaiko lanak eginda, ohitura duten moduan, elkarrekin joan dira sei taldeko jokalariak eta zaleak herriko plazako karpara, garagardoa eta alemaniar jakiak dastatzera.

Han banatu dituzte zazpiko txapelketako sariak; seigarren postutik hasita, talde guztiek jaso dute antolatzaileen eskutik oroigarria. Horrela geratu da aurtengo txapelketako sailkapena: Ordizia garaile, Elorrio bigarren, ART hirugarren, Gernika laugarren, Gasteizko Gaztedi segidan eta Eibarko rugbi taldea, berriz, seigarren.

Jokalari onenaren txapela, berriz, Arrasateko rugbi taldeko Arizak eskuratu du, txaloen artean.

Sari banaketan omenaldia ere bai

"Musu-truk eta buru-belarri lan egiten duen lagun askori esker egiten dugu aurrera eta horregatik, txalo zaparrada bat eskatuko dizuet, besteak beste, Patxi, Kako eta Txantonendako" esan du sari-banaketaren bukaeran, aurkezle lanak egitea egokitu zaion Joseba Maidaganek, ARTko kideak. Eta segidan erantzun diete bertaratutako guztiek gogoz eskuak astinduz. Ondoren etorri da ekitaldiko une hunkigarrienetako bat: Migel Anjel Aranak, urteetan atzeko-lanetan jardun duenak ere omenaldia jaso du. Karpan zeudenak zutik jarrita indarrez eskertu diote Aranari Arrasateko rugbiari eskainitako orduak. Hunkituta jaso du opari bikoitza: txapeldunen txapela eta kalerako bisera dotorea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak