Munduko hiru kontu kontalarikin toki magikoetara bidaiatu dute helduek

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko api. 17a, 21:05
Ekuadorreko Angela Arboleda, zapata gorriei buruzko ipuina kontatzen.

Ekuadorreko, Portugaleko eta Euskal Herriko ipuin kontalari bana izan dira Arrasateko Kultuarten, eta helduek kontu kontalarien laguntzarekin, toki magikoetara bidaiatu dute. Zapata gorri batzuei buruzko ipuinarekin eman diote hasiera ekitaldiari eta euskarazko ipuin batekin eman dio amaiera Josu Kamara ipuin kontalari euskaldunak. Liburuaren Egunaren harira egindako ekitaldia izan da.

Ekuadorreko Angela Arboleda ipuin kontalariak kontatu du ekitaldiko lehenengo ipuina: Rojos y de tacón colorado. Zapata gorri batzuei buruzko ipuina izan da eta zapaten takoi-hotsekin lagundutako istorioa kontatu du Arboledak; Burgosen hasi, Buenos Airesera bidaiatu eta amaiera Ekuadorren eman dio kontalariak ipuinari. Tango ukitua ere izan du istorioak eta bere bizitzako pasarteak eta asmatutakoak tartekatu ditu. Ia ordubetez ipuina kontatzen egon ostean, herritarren txalo zaparrada jaso du.

Portugaleko Luis Correia ipuin kontalariak kontatu du bigarren ipuina, Tina izeneko akordeoiaren laguntzarekin. Berak kontatutako istorioek maitasunaz eta gorrotoaz, ezbeharrez eta kointzidentziez hitz egin dute. Baina, batez ere, harremanei buruzko kontuei buruz jardun da Correia goxotasunarekin. Musikaren laguntzarekin, giro paregabea lortu du.

Euskaraz kontatutako ipuina izan da azkena. Josu Kamara Euskal Herriko ipuin kontalariak Urrezko sagarra izeneko ipuina kontatu du. Pertsonaien rolen aldaketarekin jolastu du Kamarak eta entzuleak adi-adi izan dira istorioa entzuten. Belarriak erne jarrita, ipuinen munduan murgilduta izan dira bertaratu diren arrasatearrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak