Zabor poltsak debekatutako guneetan botatzen dutenen "jarrera arduragabea" salatu du Arrasateko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko api. 8a, 16:48

Zabor poltsak botata debekatuta dagoen gune baten, Lidl supermerkatuaren atarian

Herritar batek helarazitako argazkietan hainbat zabor poltsa ikus daitezke debekatutako gune baten, Arrasateko irteeran, Lidl supermerkatuaren atarian. Horren aurrean, Udalak salatu du "jarrera arduragabeaz" jokatzen duten horiek arrasatear guztiei egiten dietela kalte. Markuleteko industrialdean ere halako beste gune bat dagoela jakinarazi dute Udaletik. 

Udalak, "jarrera arduragabe" horiek salatzeaz gain, hondakinak ondo berezitzea eta dagozkien edukiontzietan uztea "ezinbestekoa" dela gogora ekarri du:"Sistema honekin ere emaitza onak atera ahal ditugu, baldin eta denok ganoraz jokatzen badugu. Azken finean, gaizki egitea gehiago kostatzen da eta garestiagoa irteten da, zentzu guztietan. Azpimarratu gura dugu hondakinak behar bezala sailkatuta ateratzea ezinbestekoa dela adostutako %70eko bilketa selektibo mailara hel gaitezen aurreikusitako bederatzi hilabeteetan". 

Plastikozko poltsarik ez organikoaren edukiontzietan

Horrez gain, sistema berria hasierako fasean dagoen honetan ikusi dute beste arazoetako bat da organikoaren edukiontzietan plastikozko poltsak agertu direla: "Bestetik, hasieran zenbaitek poltsa lurrean uzten zuten baina, orain, badirudi arazo hau konpondu dela", gaineratu dute.

Herritar guztien ardura 

Amaitzeko, Udalak gogora ekarri du helburuak betetzea arrasatear guztien ardura dela: "Oraindik hondakinak gaika biltzeko modu hau probatzen hasi berriak gara. Badakigu hasieran kosta egiten dela, baina berriz azpimarratu gura dugu arrasatear guztion ardura dela froga garai honetan markatutako helburuak betetzea: guztiak animatu gura ditugu hondakinak ondo berezitzera eta dagozkien edukiontzietan botatzera". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak