Arizmendiarrietaren baloreei buruzko gaurko begirada

Imanol Gallego 2014ko aza. 27a, 22:43

Jose María Arizmendiarrietaren heriotzaren 38. urteurrena dela-eta, Kulturateko areto nagusian, elizbarrutiak mahai-inguru bat antolatu du Mugimendu Kooperatiboa sustatu zuten baloreen gainean hausnartzeko asmoarekin. Atzera begiratzeaz gain, hitzaldian Arizmendiarrietaren balore eta ideiek etorkizunean izan ditzaketen garrantziaz ere hitz egin da.

Arizmendiarrietak kristau baloreak elizatik atera, eta kooperatibaren esparrura eroan zituen. Duela ia 60 urte Arrasaten sortutako enpresa mugimenduan, hein handi batean, Markinako apaizari zor dio bere funtsa. Gaurko mahai-inguruan, apaizaren ideiei errepaso bat egiteaz gain, hauek egun izan ditzaketen erabilera eta akatsez mintzatu dira.

Hori horrela, ez da hitzaldi soil bat izan: Arizmendiarrietari buruzko Hemen aldizkariko monografikoa da aurkeztu dutena. Joxe Mari Arzallus, Hemen aldizkariko zuzendaria; Ainara Udaondo, MUko Lankiko zuzendaria; eta Pako Garmendia, Deustuko Unibertsitateko soziologiako katedratikoa izan dira hitzaldiaren gidariak.

Balore erlijiosoak enpresa munduan

Azaldu dutenez, Arizmendiarrietaren helburua Ebanjelioaren eta Elizaren Gizarte Doktrina jarraituz gizabanako guztien duintasuna eta berdintasuna lortzea zen. Gaineratu dute gainbehera ekonomiko eta gizartearen nahasmen egoera honetan, etorkizunari begira balio handiko erreferentea izan daitekeela Arizmendiarrietaren pentsamendua.

 "Bere baloreak indartu beharko lirateke", dio Ainara Udaondok. Hizlariek aipatu dutenez, kooperatibismoa ez dago unerik indartsuenean, baina kooperatiba, lankidetza eta gizakia indartuz berrabiaraziko da mugimendua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak