Ekitaldia 18:00ak jota hasi da, txalaparta hotsekin. Ordubetera heldu ez den agurrean, sendiaren, lagunen eta musikarien izenean berba egin dutenek Julen "apaltasuna" eta "konpromisoa" nabarmendu dute, eta baita belaunaldi berriekiko zuen lotura: "Zurekin musikaz gozatzea ohore bat izateaz aparte, oso erraza izan da. Gero arte, Jul!", esan du The Potes taldeko baxu jole Ibai Lakunza gazteak.
Taldeko kide Josu Romeok ere hartu du hitza: "Zoazen lekura zoazela, ez iezaiozu musika egiteari utzi; entzuten egon gara, zu oso gertu sentitzen. Zu beti gurekin eta gu beti zurekin. Besarkada bat eta brindis bat guztiagatik. Gero arte!".
Hainbat une hunkigarri
Hainbat une hunkigarri izan ditu ekitaldiak: aurreskua, bideo zein argazki emanaldiak eta bereziki amaierako zuzeneko kantuak. Izan ere, The Potes taldeak –gertuko lagunekin batera– zenbait kantu jo ditu: euren You will never go, RIPen Condenado, Mondra eta Ta segi aurrera!.
Era berean, liburu hutsak jarri dituzte gura zuenak hitz batzuk idazteko eta agur ekitaldia iragartzeko kartela ere utzi dute oroigarri moduan eramateko. Pertsona maitatua eta itzal handia utziko duena argi geratu da gaurko ekitaldian ere. "Agur Jul, eta gero arte!".