Juanma Pagaldai: "Ahariak ez zuen arriskurik sortu"

Maialen Torres 2014ko urr. 2a, 11:08

Duela bi aste ezusteko bisitaria jaso zuten Ikerlan enpresakoek. Izan ere, inguruko baserri batetik ihes egindako ahari batek harrera nagusiko lehiatea kolpeka apurtu zuen. Enpresako arduradunen ustez, "bere buruaren isla areriotzat hartuta" egin zion eraso Ikerlaneko leihateari.

Irailaren 20ko eguerdian, inguruko baserri batetik ihes egindako ahariaren irudiak jaso zituzten Arrasateko Ikerlan enpresako segurtasun kamerek. Juan Manuel Pagaldai Ikerlaneko antolakuntza eta baliabideen zuzendariak hala azaldu du gertatutakoa, "beste batzuetan ardiak ere agertu izan dira eta oraingoan aharia gerturatu zaigu. Bere buruaren isla kristalean ikustean, naturak agintzen dion moduan, eraso egin zion etsaiari. Ondoren, etsaiak hor jarraitzen zuela ohartu zen bigarren kristalari begiratzean, eta horrela, kristal guztiak apurtu zituen, banan-banan".

Harrerako leihateko kristal guztiak apurtzeaz gain, sarrera nagusiko ateari ere egin zion eraso ahariak, bere lurraldea arriskuan ikusita. Dena den, inguruetan inor ez zegoenez, ez zuen arriskurik sortu, eta enpresaren jardunean ere "ez zuen eraginik izan" Pagaldaik azaldu duenez, zuloa estalia baitzegoen astelehenerako.

Ahariaren erasoa, ordea, kolpe latza izan da enpresarentzat, hautsitako kristala, handia izateaz gain, kalitate onekoa baitzen, eta beraz, garestia ere bai. Dena den, animaliaren jabeak behar bezalako asegurua kontratatua zuen ahariarentzat, beraz aseguru etxeak ordainduko ditu hark sortutako kalteak.

Etorkizunera begira, halakorik berriz gerta ez dadin, neurriak hartzeko asmoa du enpresak, baina oraindik ez dute argi zehazki zer egingo duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak