Tartean badira garai bateko Zerrajerako objektuak, orduko nominak jasotzen dituzten liburuak eta baita lantegiko bulegoen eraikina itxi zenean berreskuratutako dokumentu bitxi bat: Pio XII.a Aita Santuak Zerrajerako langileak bedeinkatuz egindako 1942ko idatzi bat: “Bedeinkapen bat da, Pio XII.ak Zerrajerako apaizari bidalitakoa. Bertan, langileen alde otoitz bat egiten du”, dio Jose Anjel Barrutiabengoak, AZEko kideak.
Berreskuratutako ondarea
Hain justu ere, Barrutiabengoak berak berreskuratu zuen Pio XII.aren idatzia Zerrajerako bulegoetatik gauzak botatzen hasi zirenenean. Lantegiko praktikantea zen orduan eta erizaindegiko leihotik ikusten zuen nola hainbat eta hainbat objektu botatzen zituzten. “Zakarrontzira botatzen ziren horiek guztiak ikustera joaten nintzen ni eta gauza asko eta asko errekuperatu nituen; tartean, dokumentu hau”. Eta gaineratu du: "Aurretik ez nuen inoiz ikusi, zakarrontzian ikusi nuen lehenengoz eta hartu egin nuen. Uste dut ondo adierazten duela garai hartan Zerrajerak zuen indarra eta boterea”. Idatzia koadro bat da gaur egun, eta Arrasate Zientzia Elkartearen bulegoetan dago.