Mondragon Unibertsitateko hiru fakultateetako ikasleek egindako 80 proiektu inguru ikus daitezke gaurtik aurrera Arrasateko Kulturaten zabalik dagoen Kimu Berri, proiektu berritzaileen erakusketan.
Debagoieneko Mankomunitateak, Iseak, Mondragon Unibertsitateak, Saiolanek eta Athlonek antolatutako ekimena da Kimu Berri, eta bosgarren edizioa du aurtengoa. Besteak beste, gazteen artean ekintzailetasuna sustatzea du helburu egitasmoak. Inazio Azkarragaurizar Mankomunitateko presidenteak gaur egindako irekiera ekitaldian esan duenez, beharrezkoa den ezaugarria da ekintzailetasuna "Beti izan da gure eskualdearen ezaugarri nabarmena. Gure jarduera ekonomikoari freskura eta indarra emateko, eta jarduera ekonomiko berriak garatu ahal izateko, proiektu berritzaile hauen beharra dugu".
Ekitaldian izan da baita ere Pedro Iturbe, Foru Aldundiko Lurralde Garapenerako zuzendaria, eta azpimarratu du ekintzailetasunari bide emateko, erakunde publikoek baldintza egokiak sortu behar dituztela.
Askotariko proiektuak
Maketen, muralen zein euskarri informatikoen bidez, ikasleek landutako askotariko proiektuak jasotzen ditu erakusketak, Besteak beste, elikadurari, osasunari etaaisialdiari buruzkoak; baita, teknologiaz baliatuz, eguneroko bizitza erraztea helburu dutenak ere.
Zapatura arte ikusi ahalko da erakusketa Arrasateko Kulturaten, kultur etxearen ohiko ordutegian. Datorren asteko martitzenetik egubakoitzera, Oñatiko Enpresagintza fakultatean egongo da ikusgai (11:00etatik 17:00etara).