Arkaitz Zubiaga: "Herri-kazetaritzak ez du kazetariaren irudia zalantzan jartzen, baina bai berriro definitu"

Leire Kortabarria 2014ko urt. 8a, 09:29
Arkaitz Zubiaga informatika-ingeniari arrasatearra.
Informatika Ingeniaritza eta doktoretza egin ondoren, gaur egun Dublinen doktorego ondoko ikertzaile dihardu Arkaitz Zubiaga 31 urteko arrasatearrak. 2006. urtetik Arrasatetik kanpo dago; gaur egun, Irlandan dago, Internetek eta kazetaritzak duten harremana aztertzen.

Aspaldian Arrasatetik kanpo zaude. Zertan diharduzu gaur egun?

Gaur egun Dublinen bizi naiz, baina tartean Bartzelonan, Madrilen eta New Yorken egon naiz bizi izaten. Dublingo Institutu Teknologikoan (Dublin Institute of Technology) nabil lanean, konkretuki CeADAR izeneko proiektuan parte hartzen. Proiektu honetan datuen analisiaren gainean ari gara ikertzen. Nire ikerketa lerro nagusia kazetaritza konputazionala da. Bereziki sare sozialek gaur egun duten garrantzia dela-eta, aukera berriak eskaintzen dituzte kazetaritzaren mundurako. Alde batetik, albisteak irakurleei helarazteko medio berri bat eskaintzen du, eta hori aukera paregabea da irakurlearengandik gertuago egoteko. Eta bestetik, informazioa jasotzeko ere baliabide aparta da, jendeak herri kazetaritza deritzona egiten baitu, eta inguruan duenaz informatzen baitu sarritan; kazetariarentzat urrezko informazioa izan daiteke hori, ondo miatuz gero.

Zeintzuk dira zure ikerkuntza-arlo gogokoenak?

New Yorken nengoela, nire ikerketa-interesekin jarraituz, kazetaritzaren mundua lantzen hasi nintzen. Alde batetik, albisteekin egunero dugun interakzioa, sare sozialen ikuspegitik: zer elkarbanatzen du gehien jendeak? Kazetariek aukeratzen dituzten albisteak eta irakurleen interesak bat datoz? Esate baterako, New York Times-en azala aztertu genuen urtebetez, eta analisiaren arabera, kazetariek politika eta ekonomia bezalakoak nabarmentzen dituzte azalean, baina irakurleek nahiago dituzte musika eta zientzia bezalako aisirako gaiak. Zer pentsatu ematen du albiste aukeraketarako.

Bestalde, kazetariendako, sare sozialetatik, informatikaren laguntzaz albiste bilketa nola erraztu daitekeen aztertzen ibili naiz. Esate baterako, istiluak baldin badaude nonbait, eta kazetariak ezin badu bertan egon, informazioa, irudiak eta lekuko bila joko du askotan sare sozialetara. Nola jakin daiteke sare sozialetako erabiltzailea lekukoa den, eta hala bada, ematen duen informazioa egiazkoa den? Horrelakoetan laguntzeko tresna bat sortu genuen, eta baita kazetariekin probatu ere. Ikertutakoaren arabera, adibidez, Twitterrek kazetariarentzako baliagarria den informazio asko hasieran erakusten ez duela ikusi dugu. Txio edo tweet bat egiaztatzeko, garrantzitsua da idatzi duen erabiltzailea nor den ondo aztertzea, eta Twitterrek erabiltzailearen iruditxoa eta izena baino ez ditu erakusten hasieran. Kokapena, deskribapena eta kontaktuak bezalako beste datu batzuk jakitea nahitaezkoa da pertsona hori fidagarria den jakiteko.

Internet eta informazioaren gizartearen arteko harremanaren gainean gauza jakin asko daudela esango zenuke, edo oraindik ikerkuntza-arlo berri samarra da?

Oraindik asko dago jakiteko. Ezinbestekoa da jendeak Interneten zer eta nola kontsumitzen duen jakitea, unean uneko zerbitzua eskaintzeko. Gaur egun, esate baterako, denbora errealeko analisia egitea da joera nagusietako bat, berehala aldatzen den mundua baita Internet. Atzo interesatzen zitzaigunak agian ez du zentzu handirik gaur, eta etengabe berritu beharra dago. Albisteen munduan, esate baterako, garai batean hurrengo eguneko egunkaria erosi arte itxoin zitekeen. Interneten, bestalde, goizean gertatzen den albiste garrantzitsua ez da berria arratsaldean, eta jendeak erreakzioak eta ondorioak ikusi nahi ditu orduan, albistea bera zaharra baita.

Nola ikusten duzu herritarraren papera berriemaile gisa? Kazetariaren irudia zalantzan jartzen duela uste duzu?

Nik ez dut uste herri-kazetaritzak inola zalantzan jartzen duenik kazetariaren beharra; kazetaritza birdefinitu bai, hori seguru. Kazetariak lehenago ez zuen informazio iturri berri bat dauka bere eskura: herri kazetaritza. Sute baten aurrean, manifestazio batean, futbol zelaian... dagoen erabiltzaileak berehala zabal dezake, sare sozialetan, ikusten duenaren berri, herri-kazetari bilakatuz. Horrela, herri-kazetariek argazkiak, bideoak edo informazio apurrak zabaltzen dituzte sare sozialetan. Kazetariaren lana, ordea, horiek guztiak bateratu, kurazioa egin eta han eta hemen informatuz testuingurua gehitzea da, gertakizun osoaren istorioa emateko irakurleari. Balio erantsi hori ematen duen bitartean, zentzua izaten jarraituko du kazetaritzak.

Nola egiazta daiteke herritarrak bidaltzen duen informazioa?

Herri-kazetariak zabaldutako informazioa egiaztatzeko biderik egokiena berarekin kontaktuan jartzea da; egia baldin bada, froga gehiago eman ditzala eskatu. Esate baterako, norbaitek zalantzagarria dirudien argazkia jarri badu, beste bat bidal dezala eska dakioke, lekukoa baldin bada ez baitu arazorik izango beste argazki bat ateratzeko, eta horrek erakutsiko du egia esaten ari dela. Ez da erraza, hala ere. Kontu handiz egin beharreko zerbait da. 

Eta kazetaritzak badu egiaztapena arriskuan jartzen duen zerbait: lehena izan nahi izatea. Sare sozialetan egiaztatu gabeko informazioa zabaltzen da batzuetan, esate baterako pertsonaia famaturen baten heriotzaren gainekoa. Azken urteotan gezurrezko kasu asko zabaldu dira, eta kasu batzuetan komunikabideetara ere salto egin dute, albistea azkar eman nahi izateagatik. Baloratu beharreko zerbait da, lehena izan ala zehatza izan nahi den.

Goiena.net-ek orain komunitatean oinarritutako eredu berria dauka. Zuk aztertu dituzun komunikabideak publikoa integratzeko ereduekin badabiltza asmatzen?

Denetik dago; batzuk nahiko ondo ari dira asmatzen. Internetek ematen dituen aukera berriekin indar handia hartzen ari den aukeretako bat datu kazetaritza da: gizartean interes handiko gai bat jorratu, eta datuen eta grafiken bitartez istorioa landu. Irudi eta bideoen bitartez aurkezpen interaktiboak egiten dituzte batzuek erabiltzailearengan interesa pizteko. Horrelakoetan esango nuke Interneten New York Times dela eredugarri. New York Times-ek berriki aurkeztutako beste esperimentu bat Times Minute delakoa da; egunero minutu bateko bideoa sortzen dute, eguneko albisteak laburtuz. Ikusi beharko da harrera zer nolakoa den, baina irakurleak erakarri eta beste eduki batzuk bisitatu ditzaten modu aproposa izan liteke.

Hala ere, poliki-poliki probak eginez hobetzen dabilen zerbait da. Batzuek, esate baterako, aztertu egiten dute irakurleak zenbat denbora ematen duen beraien orrialdeetan, eta baita noraino irakurtzen duten ere. Albisteren batean gehienek lehen bi paragrafoak irakurtzen badituzte, eta hortik aurrera utzi, zerbait esan nahi du. Hasieran gehiena ematen da, eta ondoren kalitateak behera egin du, irakurleak aspertuz, adibidez.

Nola ikusten duzu euskara sare sozialetan eta Interneten, oro har?

Nahiko ondo ikusten dut nik, euskaraz badagoelako aukera zabala. Alde batetik, baditugu euskarazko webgune dezente, albistegiak eta Wikipedia barne, euskaraz informatzea ahalbidetzen dutenak. Baina, bestalde, euskarazko softwarea ere badago, eta ordenagailua ere euskaraz izan daiteke, Librezale bezalako mugimenduei esker. Uste dut horrek guztiak sendo mantentzen duela euskara Interneten, eta datorren udaberritik aurrera egoera indartuko delakoan nago, Interneteko .eus domeinuaren etorrerarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak