Zeintzuk zaudete The Potes proiektuaren atzean?
Egia esan ez dugu oso argi! Oinarrian, Jul, Ibai, Romeo, Igor Sala eta ni gaude. Hala ere, kontzertu oro lagunen kolaborazioak izan ditugu. Adibidez lehenengo kontzertuan Dirty Brothers-eko Agina eta Leire Añibarro izan ziren eta pasa den egubakoitzean Los Galerna taldeko Jokin egon zen bateria atzean. Ikusten duzunez ez dago ganora handirik, bakoitzak ahal duenean laguntzen du.
Entseguak antolatzea kaos bat izango da orduan.
Bai, egia esan bakoitzak ahal duenean laguntzen du. The Potes lagun talde bat bezala sortu genuen, ez da proiektu serio bat, beraz ez dugu inolako obligaziorik. Baina guzti hau proiektua sortu zenetik argi utzi genuen.
Beraz, nola hasi zen?
Dena Jul-en errua izan zen! Banjoa ikasten hasi zenean, kontzertu akustiko bat egin behar genuela pentsatu genuen. Hasieran Jul, Agina eta ni elkartu ginen kantu batzuk egiteko asmoz, Dirty Brothers-ekin geldi-aldia egin genuela aprobetxatuz. Asmoa urtean bi kontzertu egitea zen, Dirty Brothers-ekin kontzertu akustikoak egin ditugunean bezala. Horregatik hasieran hiruron proiektua zen.
Hala ere familia handituz joan zen.
Bai, hala gertatu zen. Lehenengo kontzertua Gabonetan eman genuen Dat tabernan, eta kantuak aukeratu ahala, familia handituz joan zen. Jul-i akordeoia ondo geratuko zela otu zitzaion, beraz, Igor-ek akordeoia hartu zuen. Ondoren, baxu-jole eta bateriaren falta sumatu genuen, hasierako formatua handitzen zihoalako, eta Ibai sartu zen. Eta Romeo, tabernako solasaldi batean animatu zen. Esan bezala, tabernan sortutako talde bat gara, garagardo artean erosoen sentitzen gara.
Zein musika mota jotzen duzue?
Folk irlandarra da influentzia nagusia, hala ere, ez da bakarra. Talde bat aipatzekotan The Pogues izan beharko litzake, hala ere, beste hainbat estiloren influentzia dugu nahi edo ez. Zenbait aipatzekotan, The Dubliners, Flogging Molly, Social Distortion-en azken diskoak, Mahones, RIP... beti saiatu gara gure inguruko taldeen kanturen bat gurera ekartzen. RIP-en Condenado kantuak adibidez oso ondo kasatzen du formatu honetan. Nire ustez punk-folk musika egiten dugu, tartean Johnny Cash-en bertsioa egin arren.
Nondik dator izena.
Nahiko argi ikusten dela uste dugu. Taldearen funtsean dauden bi elementu islatzen ditu: The Pogues eta garagardoa. Egia esan, lehenengo kontzertuko kartela egiteko asmatu genuen izena.
Hemendik aurrera zein da zuen asmoa?
Printzipioz, Eskoriatzan uztailaren 12an plazan jotzea, hortik aurrera ikusiko dugu. Taldea sortu genuenean, helburua tabernetan jotzea zen, hala ere azkenengo bi kontzertuak plaza batean izango dira beraz... baliteke Eskoriatzakoa azken kontzertua izatea edo baliteke hilabete batzuk barru lokalean elkartu eta disko bat grabatze hastea. Etorkizuna guztiz erabakitzeko dago. Gainera Dirty Brothers-ekin disko labur bat grabatzeko asmoa dugu, eta horrek denbora asko hartuko digu. Esan bezala, The Potes, Dirty Brothers-en atsedenaldi batean sortu zen, beraz grabazioa prestatzen hasten garenean, horretan jarri beharko ditugu indar guztia. Baina nork daki...
-----------------
'Jul' Bolinaga (banjo-jolea): "Banjoa beti gustatu zait"
"Banjoa entzun nuen lehenengo aldia, jazz musika egiten zuten Big Band-etan izan zen, eta hasieratik instrumentuaren sonoritateak txunditu ninduen. Urteak ibili naiz banjoa ikasi nahian, baina duela urte eta erdi hasi nintzen. Instrumentua jotzeko bluegrass estiloa dut gogokoen, azkarra eta baldar xamarra delako. The Potes-ekin baina folk irlandar estiloa jotzen dut. Egia esan ez dut inongo ikono edo influentzia zehatzik. Pixkanaka banjoaren munduan sartuz noa eta hainbat estilo ezberdin egin daitezke".