Azken atxiloketak salatzeko manifestazioa bihar Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko mai. 9a, 14:31

Arrasateko udaletxeko osoko bilkuren aretoa bete egin zen atzo, eguaztena, iluntzean, Guardia Zibilaren eta Frantziako Poliziaren azken operazioa salatzeko, atxilotutako Kepa Arkauz eta Julen Mendizabal arrasatearrek jaso dezaketen tratuagatik kezka azaltzeko eta atxilotuei zein euren senitartekoei babesa erakusteko. Amaia Larrañaga Bilduko zinegotziak eta Iker Hernandez Ikasle Abertzaleak taldeko kideak egin zuten berba agerraldian. Bihar, egubakoitza, manifestazioa deitu zuten 'Gatazkaren konponbidean atxiloketarik ez' lemapean; Seber Altubetik irtengo da, 19:30ean: "Ideologia eta siglen gainetik, etorkizuna iraganeko estrategia antzuekin eraiki ezin denaren ustea duzuenok gonbidatuta zaudete", adierazi zuen Hernandezek.

Norbanakoez aparte, hainbat eragilek hartu zuten parte agerraldian: Eusko  Alkartasuna, Aralar, Gorripidea, Sortu, Alternatiba, LAB, ESK, Ikasle Abertzaleak, Euskal Herrian Euskaraz, Askapena, Ernai, Gazte abertzaleak. Hasteko, "kezka" azaldu zuten Julen Mendizabalek eta Kepa Arkauzek jasan dezaketen tratuarengatik: "Polizia frantsesaren eskutan daude inkomunikaturik. Beraz, hemen bildu garen eragileok gure babesa eskaintzen diegu Julen eta Kepari, zein beraien senideei".

Politika errepresiboan, "aldaketarik ez"

Gero, Amaia Larrañaga zinegotziak hartu zuen hitza: "Beste behin ere, espainiar eta frantziar estatuen jarrera salatu nahi dugu. Duela 18 hilabete ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri arren, bi estatu hauen politika errepresiboak ez du aldaketarik izan. Gure herrian azken hilabete hauetan ezer aldatu ez balitz moduan jokatzen ari dira; espetxe politikaren mantentzea, ilegalizazio mehatxuak eta euskal herritarren atxiloketak dira horren adibide garbiak", adierazi zuen.

Era berean, herritarrei konponbidearen bidean eragile "aktibo" izateko eskatu zien Larrañagak: "Julen, Kepa eta beste lau euskal herritarren atxiloketak konponbidearen aurkako norabidean doaz eta, horregatik, herritarrei dei egin nahi diegu konponbidean aktibo izan daitezen, bake prozesua indartu eta oinarri demokratikoetan eraikitako bizikidetza bultzatzeko".

Manifestazioa bihar

Atzoko agerraldian parte hartu zuten eragile guztiek biharko manifestaziorako deia egin zieten herritarrei. Seber Altube plazatik irtengo da, 19:30ean. Gatazkaren konponbidean atxiloketarik ez! lemapean, dei egin zieten "ideologia eta siglen gainetik, etorkizuna iraganeko estrategia antzuekin eraiki ezin denaren ustea" dutenei kalera irten daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak