Epeleko ibai-ekosistema aberatsa, desagertzear

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko ots. 1a, 20:56

Epeleko ibai-ekosistema desagertzear dela salatu dute Basabelar Ingurugiro elkarteak eta Besaide mendizale elkarteak. Arrasateko biodibertsitatearen aurkako eraso larria dela uste dute eta ekintza horien berri eman gura dute aurrerantzean jokabide horiek errepika ez daitezen. Besaideko Aitor Zubiaga eta Basabelarko Urtzi Mendizabalek eraman gaituzte bertara; kaltea in situ ikusteko aukera izan dugu.

Aitor Zubiaga Besaide elkarteko kidearen arabera, lehentasuna da gertatu dena berriz ez gertatzea: "Horretarako jarri gara Udalarekin harremanetan. Udal ordezkariekin berba egin beharko dugu baina nik uste dut lursail hauen jabeekin egon beharko ginatekeela".

(Zubiaga errepidera irtetear. Zaborra aurkitu du bidean; ezin, baina, dena eraman)

Era berean, Zubiagak ez du ulertzen nola garaiotan halakoak gerta daitezkeen: "XXI. mendean, Arrasaten, hau oraindik gerta daiteke? Jarraibide batzuk ditugu halako kasuetarako eta ez da betetzen. Sentsibilitate apur bat duen pertsona bat ez bada pasatzen eta honen berri ematen, hurrengoan ere modu berean jokatuko da", adierazi du oraindik interbentziorik jasan ez duen erreka ondoan, paraje natural ederrean: "Agerraldi honen helburua da, finean, inguru eder honek horrela jarrai dezala bermatzea".

(Oraindik interbentzio handirik jasan ez duen Epeleko errekaren tartea)

Babes-banda zehazteko eskaera

Basabelar Ingurugiro elkarteko Urtzi Mendizabalek legeak babesten duen eremua dela nabarmendu du: "2006ko Uraren Euskal Legeak zehazten du uraren kalitatearekin zerikusia daukan ibai-ekosistema ondasun publikoaren barruan dagoela eta beraz, babestu egin behar dela". Eskaeren artean, babes-banda bat zehaztea aipatu du Mendizabalek: "Zehatz-mehatz jakiteko non amaitzen den jabetza pribatua eta non hasten den guztiona den ondasuna, metrotan". Besteak beste, eremu hori Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean zehaztea eskatzen dute.

(Irudian, baso-moztaile edo matarrasa ikus daiteke)

"Helduko da eguna non ezingo dugun ur onik edan bere garaian babestu ez genuelako"

Bestalde, herritarren osasunaren aurkako erasoa dela dio Mendizabalek: "Jokoan ez dago bakarrik toki polit bat galtzea, ez. Jakina da kontsumorako ura gero eta eskasagoa dela; halako ekintzek joera hori handitu baino ez dute egiten". Horren harira, Barakaldoko kasua aipatu du: "100.000 pertsona urik gabe geratu ziren kontrolik gabeko hondakin isuri baten ondorioz. Estrategikoki Epele errekak, bere uraren kalitate onagatik, garrantzia handia dauka Arrasaterendako. Hala jarraituz gero helduko da eguna non ezingo dugun ur onik edan bere garaian babestu ez genuelako".

(Aitor Zubiaga Epelen. Hodi bat jarri dute, errekaren ibilbide naturala kaltetuz)

Basabelar Ingurugiro elkarteak honako oharra ere bidali du asteon:

  • Baso-moztaile edo matarrasaren eraginak eremu pribatutik publikora salto egin du. Epele errekari kalte egiterakoan, guztiona den ondasun bati kalte egin dio: ura. Uraren 1/2006 Euskal Legeak aurreikusten duenez, jarduera pribatu batek ezin du ondasun publiko bat kaltetu.
  • Uraren 2000 Europako Zuzentarauak adierazten du erreka bateko uraren kalitatea babesteko, beharrezkoa dela ur horrekin loturiko ibai-ekosistema mantentzea. Alegia, ibai-ekosistemak hainbat funtzio betetzen ditu, uraren kalitatearen mantentzean funtsezko zeregina dutenak. Gogoratu behar da Uraren 2000 Europako Zuzentaraua Uraren 1/2006 Euskal Legearen barruan sartuta dagoela, eta horrela bere kontra dihoazten jarduerak ez direla legalak
  • Arrasateko biodibertsitateari kalte handia egin zaio. Arrasateko ibai-ekosistemak, udalerriko biodibertsitatea gehien duten guneak dira, normalean 50 landare-espezie/100 m2-tik gora, hau da udalerriko beste guneen bikoitza. Hain zuzen ere, Epelekoa da ibai-ekosistema mardul eta aberatsenetako bat. Hala, Europako Habitat Zuzentarauaren kontra jo da, eta baita ere Arrasateko Udalak 2012ko urrian biodibertsitatearen alde osoko bilkuran onarturiko manifestuaren kontra. Epele erreka ere ezaguna da aspalditik izan duen ur-kalitate onarengatik, bertan herritarrak bainatzen ziren eta bertako karramarroa (Austorpotamobius pallipes), gaur egun espezie babestua eta oso eskasa dena, bertan egon zen.
  • Gure udalerriko naturari kalte egiten badiogu, gure osasunari egiten diogu kalte. 1990eko hamarkadatik frogatuta dago eta jakina da ekosistema naturalak herritarron osasunean duten eragina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak