Biteri plazatik irtengo da nagusien danborrada

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko eka. 22a, 15:06

San Juan bezperan egingo dute, ohiturari jarraituz, nagusien danborrada. Aurten, baina, alda-keta txiki bat izango du: irteera Biteri plazan izango da, 23:00etan. "Jende asko kexatu da esanez berandu iristen garela plazara; modu honetan, irteera herrigunera ekarrita, aukera izango dute danborrada ikusteko", azaldu du Juan Luis Arkauz danborradako antolatzaileak.

Hala ere, azaldu digu parte-hartzaileak 22:30ean Biteri plazan egongo direla. Han danborradako pieza guztiak joko dituzte eta ondoren herriko kaleetan murgilduko dira. 12:00etarako iritsiko dira plazara.

Iaz 50 urte egin zituen danborradak; hala, aurtengoa 51. aldia izango du. "Ea beste 50 urte egiten ditugun", dio Arkauzek. 

Asmoak bertan behera

SUDC elkartearen asmoa izan da aurtengo danborradara Donostiatik konpainia berezi bat ekartzea: eskopetekin eta kanoiekin tiroak jaurtitzen dituztenak. "Euren proposamena geneukan, baina aurrekontua Udalera pasa genuen eta ezetz esan ziguten. Beste urte baterako utzi dugu proposamena", dio. "Pena hartu dut, bai, oso ikuskizun polita eskaintzen dutelako, baina ezin izan da. Ea, bada, beste urte baten ekartzen ditugun", gaineratu du.

Zazpi konpainia

Aurten iaz baino konpainia bat gutxiago irtengo da danborradan, gaztetxeko konpainiak ez irtetea erabaki du. "Zazpi konpainia irtengo gara, 200 bat lagun", dio Arkauzek.

Beste berrikuntza bat izango da danborrada irekitzen joaten diren zaldiak ez direla irtengo: "Herri barruan bakarrik izango denez, uste dugu zaldi barik hobeto izango dela". Hala, Arrasateko bandera, ikurrina eta SUDCeko bandera eramaten dituzten neskak baserritar jantzita joango dira aurten. Zuzendari lanetan, azkeneko urteetan bezala, Nestor Maidaganek jardungo du. Gainera, aurten ere Araiako musika bandak lagunduko ditu Arrasateko musikariak. Eguraldiak laguntzea bakarrik falta da!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak