Amaia antzokia beteta, Arrasate Musikalen ikasturte amaierako kontzerturako

Usoa Agirre 2012ko eka. 16a, 12:55

Urduri sumatu genituen kontzertua hasi aurretik Arrasate Musikaleko ikasle gaztetxoak. Ez zen guxiagorako. Izan ere, ikasleen senitarteko eta lagunez bete zen Amaia antzokia eta urte guztian ikasitakoa jende horren guztiaren aurrean erakusteko unea iritsi zen. Guztira, 100 bat ikasle igo ziren taula gainera eta musikaz gain, dantza ere ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek.

Tailer musikaleko 5 eta 7 urte bitarteko gaztetxoak igo ziren lehendabizi taula gainera. Musikaz lagunduta, hiru dantza eskaini zituzten: Krebspalka austiarra, Dunkerkeko karrilloiak belgikarra eta Indo Eu herrikoia.

Ondoren, Musikalak taldeak Hertzainak taldearen Aitormena abestia interpretatu zuten, pianoz, gitarraz eta perkusioz lagunduta.

Biolin talde txikiak lau abesti herrikoi eskaini zituen: Un elefante, Reel Sheila Nelson, Oh when the saints eta Rock rock bubly jock.

Junior's taldean musika tresna asko ikusi eta entzun ahal izan genituen: akordeoiak, biolinak, oboea, flautak, perkusioa, tronboia, tronpa, fagota, pianoa, gitarra elektrikoa eta ahotsa. Horiek guztiek bat eginda Arrasateko Deskontrol taldearen Duintasunez eutsi abestia eskaini zuten.

Amaiatzeko, ballet taldeak zazpi dantza ezberdin egin zituen: Arco iris, Haditas, Sintiendo las olas te hará mover, La selva, Alma, Tu me mimas yo te mimo eta Adios.

600 matrikula

Ikasturte honen balorazio positiboa egin digute Arrasate Musikaleko ordezkariek. 600 bat matrikula izan dituzte bukatu berri den ikasturte honetan eta 90 bat ekintza antolatu dituzte urte guztian. 

Hurrengo kurtsorako matrikulatzeko epea atzo, egubakoitza, bukatu zen eta matrikulek pixka bat behera egin dutela aitortu diguten arren, datoren ikasturtean ere ikasle asko izango dituztelako pozik daude. 

Egubakoitzeko kontzertua izan zen ikasturte amaierako kontzertu handia, baina oraindik datozen egunetarako beste zenbait ekintza ere badituzte Arrasate Musikalekoek antatuta. Adi, beraz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak