Zuzenduko duzun ikastaroa hasiberriei dago zuzenduta?
Hori da. Ez dugu hau perfekzioa bilatzeko antolatu, komikigintzan hasi nahi dutenentzat egin dugu. Komikigintza artistikora eta sorkuntzara bideratuta egongo dira tailerrak, batez ere.
Zer da, labur esanda, ikastaroan landuko duzuena?
Gehienbat ariketak izango dira, sorkuntzara bideratuak. Ikasleek aldizkariekin eta testu ezberdinekin colagge antzeko bat egin beharko dute, istorio bat sortzeko duten gaitasuna piztu eta bultzatzeko. Gainera, pertsonaien sorkuntzan zentratuko gara, espresioen eta mugimenduen lanketaren bidez.
'Storyboard' moduko zerbait egingo duzue?
Ez. Storyboard-a aurretik sortutako narrazioari marrazkiak jartzean datza. Guk nahi duguna marrazkien bitartez narrazioa bultzatzea da.
Aurretik ikastarorik eman al duzu?
Egia esanda, hau da lehena. Eta beraz, erronka pertsonal modura hartuko dut. Irakastea bi bider ikastea dela diote. Hori kontuan hartuta antolatu dut ikastaroa, ideia onenak hartu eta horiek komikigintzan hasten ari diren pertsonei egokitzeko.
Zergatik gomendatuko zenuke ikastaroa?
Lehenik eta behin, aberasgarria izango delako. Edozein pertsonak har dezake parte tailerretan, hau da, marrazketan maila berezirik ez da behar. Gainera, istorio, ideia edo dena delakoa kontatu nahi duenarendako oso bide baliagarria izan daiteke komikia. Azken finean, komunikaziorako tresna paregabea da. Ideia nagusia sorkuntza lantzea da, ez marrazketa bakarrik.