Iritsi da Mondraren garaipena

Mirari Altube Arrese 2011ko ots. 26a, 20:59

Bolada txarrari buelta emateko gogoarekin zeuden arrasatearrak, atzeko postuetara gehiegi hurbiltzen ari zirelako, eta zapatuan lasaitu ederra hartu zuten 3 eta 1 irabazita Hondarribiari.

Partidua irabazteko gogoz atera ziren Iban Rodriguezen mutilak zelaira eta gola 13. mintuan iritsi zen. Andresek kornerra atera eta Irulegik buruarekin sareetara bidali zuen. Hondarribiak samur galtzen zituen baloiak zelai erdian baina arrasatearrek ez zuten aprobetxatzen jakin. Hondarribikoen atera iritsitakoan ere ez zegoen behar bezalako errematatzailerik eta baloiak galdu egiten ziren.

Bigarren zatia hasi orduko gola

Lasaitasunaren gola behar zuten arrasatearrek eta bigarren zatia hasi orduko iritsi zen. Hondarribiarren ate aurrean galdutako baloia Aizpuruari iritsi eta honek zuzenean sareetara bidali zuen jaurtiketa. Ondoren gorabeherak izan zituen Mondrak; jokaldiak bukatzen asmatu ez eta atzealdean sustoren bat edo beste. Hirugarren gola ondorio izan zuen jokaldia Crespok hasi zuen ezkerretik. Defentsa bi gainditu eta jaurtiketa bortitza bota zuen, baina parean Hondarribiko Martinen eskua suertatu zen, eta penaltia adierazi zuen epaileak. Jon Muruak bidali zuen sareetara 80. minutuan, eta harmailetako ikusleak ezin pozago.

Partiduko azken minutuetan ez zuten amore eman Mondrakoek eta aukera polita ere izan zuten. Baina bukatzeko ezer ez zenean geratzen defentsek huts egin eta atezainari aurrea hartuta kanpokoen gola iritsi zen.

Arerio zuzena den Hondarribiren aurretik jarri da orain sailkapenean eta 11. dago, 28 punturekin. Hurrengo partidua martxoaren 12an du, Trintxerperen aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak