'Auzolana herrira': ikasleen irudimena landuz, natura artelan bihurtu eta erakutsi

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko urt. 21a, 09:00

Atzo, hilak 20, ekimen berri baten lekuko izan zen Santa Barbara parkea. Garaion naturarteak gidatzen duen Auzolana herrira ekimenaren lehen saioa izan zen: 16 eta 18 urte arteko batxilergoko ikasleei zuzenduta dago. Ikasleak eurak dira protagonista: eurak diseinatzen dute natura elementuak erabiliz egin gura duten artelana eta noski, ideiei forma ematea ere euren eginkizuna da. 

Ekimenak Debagoiena osoa bisitatuko du. 15 artelan inguru egitea pentsatu dute, eta auzolana eta natura dira proiektuaren ardatzak. Apirilera arte luzatuko da ekimena bailara osoko ikastetxe ezberdinetan. Datorren astean, esaterako, Bergara eta Oñatin izango dira. 

Lehena: 'Herensugetik sura'

Bada, eguenekoa izan zen lehen saioa. Eskolan ideia diseinatu ostean, goizean goiz joan ziren Santa Barbara parkera Arrasate Institutuko batxilergo artistikoko ikasleak. Artelanerako materiala batzen hasi ziren lehendabizi. Eta, gero, naturak ematen zuenarekin hasi ziren artelana egiten: Herensugetik sura jarri diote izena. Santa Barbarako herensugerean ondoan egin dute. 

Abstraktua, baina herensugea ei da. Emaitza, gainera, ez da "garrantzitsuena", Amaia Gabilondo Garaion naturartea proiektua bertatik bertara gidatzen ari denaren ustez: "Emaitza bera baino, artelana egiteko prozesua bera da helburua, eta helburu hori bete dugu". Pozik zegoen lehen saioaren ostean: "Ikasle guztiek hartu dute parte, oso fin ibili dira. Burua eta eskuak erabiltzen ikasi dute eta elkarlanean aritu dira; nik uste dut gustura ibili direla". Amaia Gabilondorekin batera ikasleen dinamizatzaile lanetan diharduen Usoa Agirrezabalak ere balorazio positiboa egin zuen ekimenaren estreinaldiaren egunaz: "Pozik gaude; ikasleek elkarlanean gustura aritu direla esango nuke". 

"Ekimen ezberdina da"

Bada, ikasleek ekimena gustuko izan dutela dirudi. Atzokoan parte hartu zuen Itsaso Pol ikasleak honakoa adierazi zuen: "8:30ean heldu gara eta lehendabizi lekua aztertu dugu klasean adostu duguna nola aplikatu jakiteko. Gero materiala batzen hasi gara eta taldetan banatuz herensugea egiten hasi gara". Azken emaitzarekin gustura zegoen Pol: "Zuhaitzean sua irudikatzea kostatu zaigu baina gustura gaude". 

Horrez gain, klasetik irteteko aukera izatea oso ondo ikusi dute: "Ekimen ezberdina da, ez da betiko hitzaldi bat. Ideiak praktikan jartzeko aukera ematen dizu eta elkarlanean aritzeko ere bai. Gainera, herriarendako ere interesgarria da betiko lekuetan zerbait ezberdina ikustea", gaineratu zuen ikasleak. Hurrengo geltokiak, Bergara eta Oñati. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak