Kultura eta gastromia ardatz, jai berezia aste bukaeran San Andresen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko aza. 26a, 09:00

San Andresko auzo alkatetzak II. Feria Gastronomiko-Kulturala antolatu du aste bukaerarako. Duela urte bi antolatu zen lehenengoz eta azokak XVIII. mendean du jatorria: orduan Bedoñaben egiten zen azoka, egun Fagor Arrasate lantegia dagoen tokitik hurbil. Bada, galdutako ohitura berreskuratu gura dute orain.

Herriko zein kanpoko hainbat elkartek hartuko dute parte; jaiaren erdigunea Gudarien plaza izango da, bertan izango dira-eta ekitaldi gehientsuenak. Zapatuan 10:00etatik aurrera izango dira artisau eta gastronomia postuak. Jatekoen artean, hemengo eta kanpoko produktuak. Kanpokoen artean Extremadurako, Andaluziako eta Aragoiko jakiak eta Eukal Herriko produktuen artean, berriz, Arabako Larreina Etxaldeak eta Gatzagako Jakion-ek ekartzen dituzten jakiak dastatu ahalko dira. Artisauetan ere, denetarik.

Kultur aniztasunaren alde
Kultura aniztasuna da jaiaren ezaugarrietako bat. Zapatuan, Donostiako Virgen de Guadalupe Extremadurako kideek abestu eta dantzatu egingo dute, 13:00etan. 18:00etan Una clase de Chirigota ikuskizuna egongo da, Al-Andalusekoek antolatuta –Corazon de Encina elkartean–, eta eguna amaitzeko, Azahar talde flamenkoaren ikuskizuna izango da, 19:00etan. Domekan, bestalde, Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak eta Kiliki eta Erraldoien konpartsak emanaldia egingo dute, 12:00etan. Ordu berean Ekinekoak taloak egiten arituko dira eta AEDkoak, aldiz, salda banatzen. Azokarekin amaitzeko, bertso jaialdia: Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Iñaki Viñaspre bertsotan eta Joxerra Agirreurreta gai-jartzaile. Azkenik, Portaloi taldekoek kantuan egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak