Harreman-ek, beraz, Izaskun Murgia elkarte lirikoarekin elkarlanean antolatu du zozketa. Errifak emanaldiaren hasieran eta deskantsuan erosi ahalko dira, euro baten truke. Ondoren etorriko da zozketa: emanaldian zehar izango da, etenaldi txiki bat aprobetxatuz –agertoki aldaketa egongo delako–.
Dirua, India eta Mozanbikera
Ekimenaren helburua da Harreman-ek herrialde txiroetan bultzatzen ari den proiektua diruz laguntzea. Bi ekimen dira; bata Indian eta bestea Mozanbiken. Indiakoa Ankur proiektua da, Munbaiko periferian kokatutako umezurtz-etxe bat laguntzea helburu duena. 2005etik dihardu Harreman-ek bertarako lanean.
Mozanbikeko egitasmoak, berriz, Niassa probintzian dagoen Marrupa barrutiko garapen sozioekonomikoa du helburu. Mundukide elkarteak bederatzi urte daramatza bertan lanean; bada, Harreman ere gehitu da. Egoera asko hobetu da bertan: azpiegiturak eraiki dira oihana eta auzoak hobeto lotzeko eta ekimen kooperatibo txikiak bultzatzea lortu dute, esaterako.
Herritarrengana laguntza eske
Harreman Gobernuz Kanpoko erakundearen helburu nagusietako bat da arrasatearra herri txiroenekin sentsibilizatzea. Herrialde pobreetan egiten ari diren lana finantzatzeko herritarrengana jo du Harreman-ek. Zozketaz gain, lagundu gura duenak zabalik ditu Kutxa, Euskadiko Kutxa eta Caja Navarra bankuetako kontuak.
Azkenik, herritarrez haratago, gobernu zein erakundeen inplikazioa ere sustatu gura dute, garapen bidean dauden herrialdeen alde.