Mario Vargas Llosaren liburua itzultzeko beka deitu dute

Ubane Madera 2010ko aza. 4a, 09:47

"Pantaleón y las visitadoras", horixe da aurten XXIV. Jokin Zaitegi Sariketan itzuli beharreko liburua, Mario Vargas Llosa peruarrarena. 6.000 euroko beka emango diote itzulpena egingo duenari. Lehiaketan parte hartzeko Llosaren obraren lehenengo orriak euskaratu eta lan horren lau kopia bidali behar dira AED elkartearen egoitzara, aurtengo abenduaren 21a baino lehen.

Lau kopia horietan ez da itzultzailearen izenik agerian ipini behar, bai, ordea, goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa, berriz, gutun-azal itxi batean sartu behar dira eta gutun-azal horren azalean itzulpenean idatzitako goiburua ipini.

Orriak eskatu egin behar

Itzuli beharreko orriak eskuratzeko, telefonoz, idatziz edo mailez eska dakizkieke antolatzaileei. (AED elkartea eta Elkar argitaletxea). Eta baita Internet bidez eskuratu ere: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi.

2011ko irailaren 30erako

Itzulpenen kalitatea Ferndando Reyk, Koro Navarrok eta Karlos Zabalak osatutako epaimahaiak baloratuko dute, eta haietako bat izendatuko du irabazle 2011ko urtarrilaren amaiera baino lehen. Hark liburu osoa itzulita entregatu beharko du 2011ko irailaren 30a baino lehen.

6.000 euro

6.000 euroko beka emango diote itzulpena egingo duen horri: 3.000 euro jakinarazpena jasotzen duenean eta gainontzekoa lana amaitutakoan. Hori bai, epeak bete ezean edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra bada, sariaren bigarren zatia ez luke jasoko, eta gainera lehen zatia itzuli egin beharko luke.

Era berean, baliteke epaimahaiak baloratzea itzulpenerako aurkeztutako lanek kalitate nahikoa ez dutela. Kasu horretan, lehiaketa hutsik utziko dute eta antolatzaileek aukera izango dute itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko.

Jokin Zaitegi gogoratzeko

2002an abiarazi zuten Arrasaten Jokin Zaitegi itzulpengintza sariketa, Jokin Zaitegi idazle arrasatearra gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahalegina jarraitzeko. AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak antolatutako lehiaketa da, Kutxaren laguntzarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak