Arkaitz Zubiaga: "Euskal Wikipedian jendearen debaldeko lana eskertzen da"

Edu Mendibil 2008ko urt. 28a, 10:52
'Argia' astekariak egubakoitzean banatu zituen urtero banatu ohi dituen sariak. Euskarazko Wikipediak (eu.wikipedia.org) jaso zuen Interneteko saria. Arkaitz Zubiaga 25 urteko arrasatearra da webguneko bost administratzaileetako bat. Zubiagak ez zuen egoterik izan Lasarte-Oriako sari banaketan, urtarrila ezkero Madrilen, UNEDen, Informatika doktoretza egiten ari delako. Hemen duzue 'Asteleheneko Goienkaria'-n egin dioten elkarrizketa.

Euskarazko Wikipediak Interneten euskara eta Euskal Herria sendotu izana nabarmendu dute Argia-koek.
Saria jasotzea pozgarria izan da, azken baten Wikipedian parte hartzen dutenek debaldeko lana egiten baitute, hemen ez dago irabazirik. Eskertzekoa da jendeak egiten duen lana, eta sariak euskarazko Wikipedia ezagutzera emateko balio izango du.

Zure ustez, zerk bultzatzen du jendea Wikipedian parte hartzera?
Hainbat arrazoi egon daitezke. Nire kasuan, gauzak ikasteko baliogarria gertatu zait, testuak itzultzen esate baterako. Era berean, gai jakin baten inguruan idaztea ekargarria da askorentzat eta aurretik egindako lana aprobetxatu daiteke sarean jartzeko. Euskara bultzatzea izan daiteke beste arrazoi nagusietako bat.

Zenbat erabiltzaile ditu gaur egun euskal Wikipediak?

Erregistratutako erabiltzaileak 1.000tik gora dira gaur egun. Ekarpenen arabera, 60tik gora erabiltzaile aktiboak lirateke eta 20 inguru oso aktiboak. Oso aktiboek hilean 100 ekarpenetik gora egiten dituzte. Ekarpen bat izan daiteke zuzenketa txiki bat egitea. Edozein modutan, estimatzeko moduko erabiltzaile kopurua dugu. Parte hartzen duten guztien lana txalotzekoa da. 

Eta zenbat sarrera egon dira hasieratik hona?
Euskal Wikipedia 2003an jarri genuen abian eta 23.500 artikulu edo sarrera inguru jaso ditugu dagoeneko. Bizpahiru hilabetetan 25.000 sarrera izatera iritsi nahi dugu; kopuru esanguratsua da hori.

Artikuluak argitaratzeko orduan badago inolako filtrorik?
Ez. Testua bidali bezain pronto argitaratzen da. Horrek abantailak eta desabantailak dakartza. Edozeinek bidali ditzake testuak eta gerta daiteke gazteak-eta tontokeriak bidaltzen hastea, jolastearren. Halakoetan testuak berehala ezabatzen dira eta kito. Administratzaileak edo administratzaile ez den batek eman dezake testu okerren berri. Bestalde, artikulu jakin baten inguruan haren balio entziklopedikoaren inguruan eztabaida sortzen bada, bozketa egiten da. Beti ezin da testuak bozketara eraman baina helburua hori da: Wikipedia guztiz demokratikoa izatea.


Oro har, zela ikusten duzu euskararen presentzia Interneten?
Gero eta hobeto. Tresna eta edukien aldetik eskaintza badago. Agian, erabiltzaileen aldetik euskarazko edukietara jotzeko ohitura handiagoa falta da.

Sarean, zeintzuk dira zure erreferenteak?

Ez da promozioa egiteagatik baina zabaldu.com [bera da sortzaileetako bat], sustatu.com, hainbat egunkari (Gara, Berria...) eta herriko albistetarako, goiena.net. Horiek nabarmenduko nituzke.

Prentsa idatzirik erosten duzu?
Ez, ez daukat ohiturarik. Sarean irakurtzen dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak