Gelma: hitzarmenak behin betiko onespena jaso du

Goiena 2006ko ira. 26a, 12:45
Udalaren, Gelmaren eta Obenerrekaren arteko hitzarmenak behin betiko onespena jaso zuen asteleheneko batzarrean. Hain justu ere, joan den uztailaren 21ean adostu zituzten Udalaren, Gelmaren eta Obenerrekaren arteko hitzarmenaren nondik norakoak. Baina haiek gauzatzeko osoko bilkuraren onespena behar da. Eta horixe egin zuten atzoko, irailak 25eko, batzarrean.

Puntua onartu zuten EAJ, EA, PSE-EE, PP eta Talde Mistoaren aldeko botoekin (14 boto); kontra bozkatu zuen Ezker Batuak (3) eta Aralar (1) abstenitu egin zen.

Horrenbestez, 2004ko martxoan adostutako hitzarmenean zenbait aldaketa egiteari baietza eman zioten aipatutako alderdiek.

Hitzarmeneko lau puntu nagusiak

1- Zehaztu dute %10eko aprobetxamendu urbanistikoak, enpresa eraikitzaileak Udalari eman behar dizkionak, kontabilizatzen direla 4.705.337 eurotan. Horri gehitu behar zaizkio beste 386.036 euro, partzela libre bati dagozkion aprobetxamenduengatik. Hori horrela, guztira 5.091.373 euro ordainduko dizkio Obenerreka SAk Udalari.

2- Gelmaren eraikin esanguratsua, bota ez duten hura, Udalarendako izango da eta Obenerreka arduratu beharko da hura birgaitzeaz. Edo bestela, birgaitzeari dagokion diru kopurua ordaindu beharko dio Udalari.

3- Gelmak enpresa Arrasaten mantenduko du, gutxienez, 2020ko uztailaren 1era arte. Horrela egin ezean, 4.500.000 euro eman beharko dizkio Udalari, zigor moduan.

4- Obenerrekak Aramaio errekaren eskumako aldea urbanizatuko du. Baita Deba ibaiaren ezkerreko aldea ere. Horrekin batera egin beharko du Aramaio errekako zubia handitu, Deba ibaiaren gainetik oinezkoendako zubia eraiki eta Maalako biribilarekiko lotunea egin.

Alderdien iritziak:

Inazio Lakuntza alkateak poza erakutsi zuen: "Pozik nago horrenbeste zeresan eman duen gaia itxi egin dugulako Herriarendako hitzarmen ona da eta Gelmako enpresa batzordeko ordezkariak ere oso pozik daude".

PSE-EEren izenan, Paco Gartziak ere bere poztasuna erakutsi zuen eta adierazi zuen hitzarmen horrek badituela garantia nahikoa Gelma Arrasaten geratzeko: "Hango langileek sekula ez dituzte izan euren lanpostuen horrelako garantiarik".

EBk, berriz, haserre handia erakutsi zuen. Alderdiko bozeramaile Ander Rodriguezen esanetan, "enpresa eraikitzaileak izango dituen irabaziak Arrasateko herritarren kontura izango dira". Bestelakoen artean, zera gaineratu zuen: "Promotore urbanistikoak bilakatu dira hirigintzako zinegotzi". Eta zalantzan ipini zuen Gelmako lanpostuak seguru egongo direla 2020ra arte. Horrez gainera, iragarri zuten boikot kanpaina bat bultzatuko dutela herriko bestelako alderdi ezkertiarrekin; honako leloa izango luke: "Ez erosi halako prezioetan".

Herri Anitzak atzo, irailak 25, eman zuen prentsaurrekoa. Plataformak egindako adierazpenen arabera, Arrasateko Udalak "informazioa desbideratu" du. Herri Anitzako ordezkari Xabier Zubizarretak salatu zuen, Udaleko agintariek despiste maniobra bat egin dutela.

Benetan kezkagarri dena zera dela azpimarratu du: "hasiera batean, Obenerrekak 177 etxebizitza libre egingo zituela eta udalak 308 etxebizitza libre egiteko eskubidea eman ziola. Hau da, ia etxebizitza libre bikoitza eraikiko dute". Ondorioz, babes ofizialeko 90 etxebizitza gutxiago eraikiko dituzte. Herri Anitzak ziurtatu du Gelmako auzia ez dela oraindik amaitu. Izan ere, Arrasateko Udalak testu bat onartu zuen atzoko osoko bilkuran, baina Gelmako jabeek oraindik ez dute hitzarmenik sinatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak