Mugikortasun Astea: balorazio positiboa egin dute

Goreti Elortza 2006ko ira. 25a, 13:07
16tik 24ra ospatu dute Arrasaten Mugikortasun Astea. Aldaketa eskatzen digu munduak, Arrasatek aldaketa eskatzen digu lelopean, asko izan dira asteburuan zehar gazte zein helduentzat antolatu dituzten ekimenak. Udaleko Ingurumen arduradun Nerea Lazpiurrek balorazio positiboa egin dio asteari: "Oso harrera ona izan du Mugikortasun Asteak orokorrean. Pozik gaude lortutakoarekin".

Egubakoitzean, autorik gabeko egunean Europan, Gidatzeko era efiziente-ekonomikoa izeneko doako ikastaroa eman zuten udaletxean. Han, autoek kontsumitzen duten erregaia %20 murritz daitekeela ikasi zuten. RACeko bost irakaslek jardun zuten autoan diru gutxiago gastatzeko trukuak azaltzen, lau ordu iraun zuen ikastaroan.

Azalpenak emanda, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ere izan zuten ikasleek. Herrian zehar bi buelta eman zituzten autoan, eta bukaeran, emaitzak alderatu zituzten. Guztiek jaitsi zuten kontsumoa bigarren bueltan, batzuk nahiko urduri jarri baziren ere.

Birzikleta azoka

Birzikleta Azoka jarri zuten Seber Altube plazan zapatu goiz eta arratsaldean. Aurreko asteetan batu zuten bigarren eskuko materiala eta zapatuan jarri zuten salgai. Arrakasta handia izan zuen merkatuak. 80 produktu inguru jarri ziren salgai eta ia guztia saldu zen.

Jabe bakoitzak jarritako salneurrian, bizikleta, patinak, kaskoak, gurpilak, maillotak... saldu zituzten. Goizeko 11etan zabaldu zuten azoka eta jende ugari batu zen plazan. Bizikleta bera aukeratu zutenek zozketa egin behar izan zuten, esaterako.

Bizikleta martxa

Bizikleta martxa ere egin zuten domeka goizean, zikloturista elkartekoek lagunduta. 300 bat lagun animatu ziren, goizeko 11etan Seber Altube plazatik irtenda, herrian zehar egin zuten ibilaldira. Eta parte hartu zutenen artean, bizikleta bat, kaskoa... zozketatu zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak