Karmelo Zubillaga omendu zuten senide eta lagunek

Goreti Elortza 2006ko uzt. 17a, 10:34
Atzo eguerdian egin zioten omenaldia Karmelo Zubillaga zenari Besaideko zelaietan, monumentuaren ondoan. Karmeloren lagun eta senideek antolatutako omenaldia izan zen atzokoa eta bere bizitzan zehar egindako lan handia goraipatu nahi izan zuten han batutako 200 bat lagunek. Eta horrela egin zuten ekitaldi hunkigarrian.

11:00etan Arrasateko Arbolapetan zen hitzordua. Han, hainbat herritar elkartu ziren eta autoak hartuta Besaidera abiatu ziren. Gehienak, ordea, oinez joan ziren.

Omenaldi hunkigarria

12:00ak inguruan hasi zen omenaldia. Besaideko monumentuaren ondoan batu zen jendea. Karmeloren senideei aurreskua dantzatu zieten lehenengo. Segidan, Xabier Zubizarreta alkate ohiak egin zuen berba. Zubizarretak Karmelo ezker abertzaleko militante ohiari buruz hitz batzuk esan zituen eta Euskal Herriaren aldeko borrokan egindako lan handia goraipatu zuen. Baita haren laguntzeko prestutasuna ere. Ondoren, bertso batzuk kantatu zituzten guztiek batera eta baita Lepoan hartu ta segi aurrera doinuarekin lagunari eskainitako abestia ere.

Segidan, errautsak bota zituzten Besaideko zelaietan senide eta lagunek eta amaitzeko, Eusko gudariak abestu zuten.

Horrela, merezitako omenaldia egin zioten Karmelo Zubillaga apirilean zendu zen arrasatear maitatuari, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia batzen dituen monumentuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak