Zarzuelak euskaraz ere funtziona dezakeela erakutsi zuten 'Baserria'-n

A.G. 2005ko abe. 12a, 09:28
Amaia antzokia bete eta arrakasta izan zuen zapatuko estreinaldian Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak. Guridi maisuaren El Caserio lanaren euskarazko moldaketa aurkeztu zuten.

Lehen emanaldietan ohikoa eta ulergarria den urduritasunarekin, baina konbentzimendu osoz egin zioten aurre Izaskun Murgia Elkarte Lirikokoek Guridiren El Caserio lan ezagunaren estreinaldiari.

Bikoitza zen erronka taldearentzat; alde batetik, euskarazko moldaketagatik, eta bestetik, obrak berak dituen abesteko zailtasunengatik, ez da-eta Baserria melodikoki zarzuelarik errazenetakoa. Zapatuan, erronka bietatik airos irtetea lortu zuten elkartekoek, hamar hilabete luzetako entsegu gogorren emaitza defendatuta. Ikusleek, gainera, ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten barre eginez eta noizean behin kantu ezagunak baxu-baxu abestuta. Izaskun Murgiakoek bazekiten obra berezi hau arrasatearren atseginezkoa izango zela eta asmatu zuten, Amaia antzokia goraino beteta zegoen-eta zapatu ilunkeran.

Pertsonaia asko komikoak eta gertukoak dira Baserria-n eta hori da zarzuela honen gakoetako bat. Abesti ezagunekin eta herriko jendeak eginda are eta gertukoagoa egiten da Guridiren zarzuela ezaguna. Horrek ez du kentzen antzezleek lan fina egin zutenik; profesionalak ez izan arren fundamentuz bete zuten egin beharrekoa.

Aipatzekoa, era berean, obraren girotzea, dekoratzaile eta jantzigileen meritua ere badena. Baserri auzo paregabea irudikatu zuten Amaiako oholtzan eta jantziekin ere asmatu egin zuten. Nabari zen, bai abeslari zein gainontzeko parte-hartzaileen eskutik ere, ez zela inondik inora aurkezten zuten lehen ikuskizuna, eta testuarekin hasieran bat edo beste trabatu zen arren, Guridiri egindako zaletuen omenaldi polit askoa izan zen.

Asteburuan gehiago

Zapatuan estreinatu eta domekan ere egin zuten emanaldia. Guztira lau egingo dituzte, azkenak datorren asteburuan, egubakoitz eta zapatuan hain zuzen ere. Horren ostean datorren urteko ikuskizuna lantzen hasiko da Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa. Hain zuzen ere, La leyenda del beso lan ezagunean oinarrituko dira hurrengo zarzuelarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak