Guridiren "El Caserío" euskaraz: "BASERRIA"

I.A. 2005ko aza. 10a, 10:56
Lehenengo aldia da. Eta Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak taularatuko du. Eta aipatu elkarteko partaide batek euskaratu du. Guridiren “El Caserío” euskaraz, Arrasaten, abenduaren 10etik 17ra bitartean.

Sustatu.com agerkarian irakurri dugu Nuriak bidalitako mezua:

“Ana Mari, tío Santi y José Miguel han subido a muchos escenarios” izango litzateke ohikoena. Baina oraingoan ez. Oraingoan “Ana Mari, osaba Santi eta Joxe Miel eszenatoki askotara igo dira” izango da artikulu honetan azaldu beharrekoa. Eta ez da “el caserío Sasibill” izango, “Sasibil baserria” baizik. Bai, jaunak eta andreak, euskaraz taularatuko da aipatu zarzuela. Beharbada ez du halako grazia izango, baina ez da euskaldunon parodia izango. Eta ez dira aktore eta aktoresak dantzari jantzita egongo, orduko baserritar jantziez azalduko zaizkigu taula gainean. Izan ere, aurten ez da Arrasaten “El Caserío” zarzuela taularatuko, “Baserria” baizik. Eta aurtengoa izango da lehen aldiz zarzuela bat euskaraz ikusi ahal izango duguna. Eta seigarren aldiz Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak Amaia Antzokia lau aldiz beteko du. Baina musikazaleez gain, hainbat eta hainbat euskaltzale bilduko dira, bilduko gara, oraingoan bertan. Euskal kulturarentzat, euskararentzat, aurrerapauso garrantzitsua izango baita.

Orain dela urte batzuk, Azpeitin, “El Caserío” zarzuelako abestiak euskaraz abestu zituzten. Xabier Euskitzeren lana izan zen euskarara itzultzea. Baina ez ziren elkarrizketak taularatu. Eta aurten bai. Aurten guztiok gozatu ahal izango dugu, lehen aldiz, Guridiren lan apartaz, euskaraz. Eta guztia Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoari esker, eta bertako partaide baten lan gogorrari esker, euskarara itzultzeko lan gogorrari esker.

Sustatuko irakurle guztiak zaudete gonbidatuta. Abenduan, 10, 11, 16 eta 17an, izango da taularatzea. Arrasateko Amaia Antzokian. Hurbiltzeko arrazoia? Musika eta ikuskizuna, jakina. Baina, eta beharbada garrantzitsuagoa dena, euskararentzat suposatzen duen aurrerapausoa. Elkarte Lirikoko partaideak garenok gustora egingo dizuegu ongi etorria. Zuei guztioi. Euskaltzale eta musikazale guztioi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak