Arrasateko kaleak jendez bete ziren bitxikeriaz betetako azoka ikusteko

A.G. 2005ko mai. 23a, 10:51
Antolatzaileen esanetan 25.000 pertsona hurbildu dira Erdi Aroko II. azokako ikuskizunak eta postuak ikustera. Artisauek salmenta onak egin dituztela esan dute. Aurten, zortzi Debagoienekoak ziren.

Erdi Aroko Azokak jende ugari bildu du aurtengoan ere Arrasateko alde zaharrean. Iazkoan ere jende ugari ibili zen, baina euskararen eta herriko taldeen presentzia urriak kritikak jaso zituen. "Postu guztiei euskarazko kartelak jarri dizkiegu" adierazi zigun aurtengo azoka antolatu duen Elgoibarko EAB enpresako arduradun Enrique Agotek. "Animazio eta eskulan tailer guztiak euskaraz dira. Nik uste altu eta argi esan dezakegula Arrasatekoa dela euskaraz egin den lehen Erdi Aroko Azoka".

Guztira, 102 postu ikusgai alde zaharrean barrena

Joan den urteko azokari egindako beste kritika, herriko taldeen eta eskualdeko artisauen presentzia urria izan zen. Aurtengoan 102 postuk osatu dute Erdi Aroko Azoka. "%20 Euskal Herrikoak dira eta zortzi bat Debagoienekoak", azaldu zigun Enrique Agotek.

Plazan bertan topatu genuen Inma Delgado bitxigile arrasatearraren postua. "Aurten plazan bertan dut postua eta oso ondo saltzen ari naiz. Laguntzaileak ekarri behar izan ditut jende guztia artatzeko".

Azokan egun pasa egiteko aukera izan da aurtengoan. Artisau postuak 63 ziren, eskulan tailerrak 15 eta tragoxka bat hartu edo zer edo zer jateko tabernak, berriz, 30. "Arrasatek oso alde zahar interesgarria du gauza hauetarako", zioen Agotek. "Sarrera nagusi bat dauka. Jende gehiena Sebero Altubetik sartzen da eta zirkuitu zirkularra du. Guretzat bikaina da".

Ikuskizunak barra-barra

Malabaristaren akrobaziak, fakirraren erakustaldiak, hegazti harraparien erakusketak... bitxikeria asko egon da ikusgai asteburuan Arrasaten. Etxeko taldeek ere euren tartea izan dute. Arrasate Musikaleko harizko taldea eta Doke antzerki taldea kaleetan barrena ibili ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak