Bretainiari buruzko gomendio batek irabazi du Gomendatzen Dizut sariketa

Nerea Zubiete 2005ko api. 28a, 13:13
Arrasate Irratiko Igo Autobusera saioan egin du zozketa Dorleta Kortazar, Gazte Bulegoko arduradunak. Bretainiari buruzko gomendioak irabazi du lehiaketa eta bertan herri txikiak bisitatzeko, hango kultura ezagutzeko eta hango udal kanping-ak erabiltzeko gonbitea egin du 22 urteko Eiderrek.

Gomendatzen dizut sariketaren bigarren edizioa izan da oraingoa eta 13 gomendio egin dituzte guztira. Lehiakideak, hala ere, gutxiago izan dira, 5 neska eta 3 mutil, 22 eta 24 urte bitartekoak. Euskara izan da lehiakide guztiek erabili duten hizkuntza eta iristeko bidea posta elektronikoa izan da.

Denetariko gomendioak

Aste Santuan Bretainian egon zen Eider (abizena azaldu barik aurkeztu du gomendioa sariketan) eta txundituta etorri zen. Dio Bretainiak Erdi Aroko herri pila dituela, oso ondo kontserbatuta guztiak. Bretoien kultura zeltiarra da eta horren ezaugarri ugari bizirik daude oraindik, besteak beste, hizkuntza.

Bretainian, beraz, gauza ugari daude ikusteko, baina erabiltzeko ere bai. Esate baterako, udal kanping-ak oso ondo daudela dio Eiderrek. Gainera, Aste Santuan asko doanekoak izaten omen dira eta ur beroa dute. Garbiketa ere ona izaten dela aipatu du.

Bretainiakoa gomendio bat da, baina munduko beste toki ugari gomendatu dizkigute. Kuban hasiko gara eta bertan Guanahacabibes penintsula nabarmendu digute. Kolonbian, Zipaquirá herrian dagoen Gatzaren Katedrala gomendatu digute. Gatz meategia izandako haitzuloetan dago egina katedrala. Hegokorean, Jeondungsa tenplua omen da ederra ikusteko eta hausnarketa egiteko. Txinako harresia ere gomendioen artean dago. Kongo bisitatzeko eta hango bizimodua ezagutzeko gonbitea ere egin dute. Turkian, Istanbuleko lur azpiko ur zisternak alde batetik eta Süleymaniyeli Kurucu jatetxea gomendatu dizkigute. Jatetxe horretan, azaldu dute, turistarik ez dugu ikusiko, Turkiako langileak ikusiko ditugu, beraz, oso aukera ona omen da bertako janaria dastatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak